Argi'hitz'kiak erakusketarekin olerkia eta irudia lotuko ditu Hatsa Elkarteak Irunen

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 8a, 09:30
Auxtin Zamora senpertarra da erakusketaren sustatzailea.

Gaur hasi eta hilaren 19a arte egonen da Laboral Kutxaren aretoan Senpereko Auxtin Zamorak prestatutako lana

Hatsa Elkartea orain dela 30 urte jaio zen Senperen helburu argi batekin: «Poesiaren munduan, artistiko espresioaren bitartez norberak bere burua ezagutzea». Badira 20 urte inguru bere aktibitate sortari garrantzizko bat gehitu ziola. Urtero poema bilduma bat argitaratzen du Hatsak, elkarteko kideen lanekin. Euskal olerkaritzaren hainbat izen handi irakurri daitezke 21 liburu horien egileen artean, Urteko bilduman agertzen zen olerki bakoitzaren zati baten inguruan argazkia egin eta horiekin erakusketa bat osatzen ere hasi ziren duela hiruzpalau urte. 2019ko lanen inguruan egindakoa ikusgai egonen da Irunen urtarrilaren 8tik 19ra. Sarrera doan da eta ordutegia, astelehenetik larunbatera 18:00etatik 20:30ak arte, igande eta besta egunetan, berriz, 11:30etik 13:30era.

120 olerkarik egindako olerkietatik testutxo bana aukeratu eta 120 argazki egin ditu Auxtin Zamorak. Horregatik izena: Argi’hitz’kiak. Erakusketaren berezitasunetako bat, hormak biluzik daudela eta lanak, lurrean. Garrantzi handia ematen dio Zamorak lur-azalari. Zerutik erortzen diren «euri, hosto eta izar-puskak» kontuan ditu, baita bere barnetik ateratzen den jana; haurtzaroaren «eremu paregabea da» eta «erakusketaren partaideontzat, sustraiekin bat egiteko modua».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun