Xahoren biografiaren erakustaldia emanen du Asisko Urmenetak urtarrilaren 10ean Senperen

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 8a, 13:00
Asisko Urmenetak gidatutako emanaldia eskainiko dute ortzirale arratsaldean Senpereko Larraldean. Argazkia: Klik Klak

Lapurdi 1609k antolatuta, AztiHitza izeneko emanaldia izanen da Larraldean ortziralean 19:00etan

Hamaikagarren aldikotz, AztiHitza aurkeztuko dute Asisko Urmenetak eta bere arizale eta kantariek. Honetakoan, Senperen iraganen da urtarrilaren 10ean, ortziralean 19:00etan hasita, Larraldean hain zuzen. Sartzea urririk izanen da.

Zehaztu behar da AztiHitza erakustaldia izan baino lehen komikiren bat dela, Agosti Xahoren (Atharratze 1811-Baiona 1858) bizitza kontatzen duena. Hastapenean, argitaletxe baten manua izanik ere, elkarte zonbait eta Xahoren bizitzaz axolatzen ziren jende batzu txertatu zaizkion agitasmuari, elkar lan bilakatzeraino. Izurako margolariaren erranetan, «ez diat nahi izan Atharratzekoaren bizitza osoa zehaztea, baizik eta bere bizitzako alderdi baten hautatzea: bere herriz-herriko 1834ko bidaia ezinago komeni iruditzen zitzaidan. Izan  nauk Xahoren bizitzaz jakintsu direnen ganat, ikasterat. Ezagunak ez ziren gertakari zonbait ezagun ditiat, eta margotu ere!». Bertzalde, Urmenetak aitortzen du «estetikaren aldetik arras maitatu diat Xahoren garaia, erromantikoa erran nezakek, janzkera eta guzti. Bainan, oroz gainetik argi daukat Atharraztarra izan dela Euskal Herriko heroe nazional handienetako bat. Gure herri honetan nekez onartzen diagu gai garela jenden arteko historia idaztea, eta gure historia argitzen duen Xaho bezalako pertsona handi bat eredutzat edukitzen ahal dugula. Jende ainitzek gaitzetsi izanagatik ere, haizu zaiguk erraitea “bai, Xaho aitzindari bat izan da, baita erreferentzia ere”».

Izan ere, Asiskok bere sorkuntza erakutsi nahi luke Xaho gelditu zen herri bakoitzean, bere 1834 ibilaldian, Baionatik Lekunberriraino.

Senperekoan, bortz izanen dira oholtzaren gainean, hiru arizale, musikari bat eta Asisko bera. Oren bat baino gehiagi iraunen du, kantu, antzerki eta mintzaldi aldizkatuko eta nahasiko dituzte.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun