Euskara noiztik datorren jakiteko mintzaldia eginen dute abenduaren 13an Senperen

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 11a, 13:00
Larunbateko mintzaldiaren afitxa.

'Euskara noiztik? Euskara mendez mende' aurkeztuko du Cèline Mounole ikerlariak, ortziralean 19:00etan Larraldean

«Mila aurpegi ditu euskarak lurralde honetan». Hala zioten euskararen urtaroak ekitaldia antolatu zutenek. Euskara noiztik erabilia den jakin nahian, Cèline Mounole (euskaltzain urgazle, Paueko eta Aturrialdeko herrialdeetako unibertsitatean irakasle eta ikerlaria) gai horren sakontzera gomitatu du Lapurdi 1609 elkarteak, Larralderat abenduaren 13an, ortziralean, gaueko zazpi orenetan.

Lekukotasun batzuei esker frogatu digute gure hizkuntza bederen bi mila urteko ondarea dugula. Navarrorum Nafarroako erregeen artxibo nagusien ildotik ibiliko dira entzuleak,  euskarazko dokumentu idatziak aztertuz. Lehenbiziko aztarna Lergako hilarrian aurkitua izan den idatzizko hitzik zaharrena erromatarren garaikoa da, nahiz eta Nafarroan latinez baizik idazten zen orduan.

Hitzaldi honetan, denborako bidaia eginen du Celine Mounolek, mendez mende, euskarari nork eman dion behar zuen tornuia dute aipatuko, baita euskara estandarraren berri emanen ere.  Supazterrean bururatuko dute gaualdia baso baten inguruan, honenbertzez nahi duena etor bedi gostuan. Euskara ez dakitenei batbateko itzulpena eginen diete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun