Telethon elkartearen alde abenduaren 7an bilduko dira Saran

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 4a, 19:00
Larunera trenez igotzeko aukera izanen da larunbat arratsaldean.

Goizean pastizak salduko dituzte, bazkalondoan Larunera trenez goititzeko aukera izanen da eta ondotik krakada

Urteroko elkartasun hitzorduari hutsik egin gabe, abenduaren 7an distrofia muskularra dutenak eta haien senideak biltzen dituen AFM Telethon elkartearen aldeko eguna eginen dute Saran.

Larunbatean10:30ean plazan pastizak saldu ondotik, 14:00etan San Inazio lepoan biltzeko deia egin dute antolatzaileek. Ordu horretan, hamabortz euro ordainduta, Larunera trenez igotzeko aukera izanen da. Itzulera, berriz, 15:30ean eginen dute. Behin herrira jautsita, 16:30ean, Pikassaria jatetxeak krakada eskainiko du nahi duten guztientzat. Bildutako diru guztia Telethon elkarteari bideratuko diote.

Elkartasun ekimen honekin bat eginez, joan den urtean 150 lagun joan ziren Larunera trenez eta 50 lagunek parte hartu zuten Pikassarian egindako krakadan. Horrez gain, Lur Berri gelan egindako bazkarian 22 lagun elkartu ziren eta pastizen salmentatik,  400 euro atera zituzten. Guztira 3.500 euro bildu zituzten AFM Telethon elkarteari emateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun