Urdazubik herriguneari eta Hiribere zein Leorlas auzoei zerbitzua emateko araztegia inauguratu du

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 2a, 17:00
Urdazubiko herriguneari eta Leorlas eta Hiribere auzoei zerbitzua emanen dien araztegi berria. Argazkia: Nafarroako Gobernua

Urdazubik eta Hiribere eta Leorlas auzoek 200 bizilagunii zerbitzua emanen dien araztegi berria inauguratu dute. Estazio berrirako 664.733 euroko inbertsioa egin dute, eta Lurralde Kohesiorako Departamentura atxikitako NILSA enpresa publikoak kudeatzen duen saneamendurako kanonaren bitartez oso-osorik finantzatu da. Herritarrek uraren ordainagiriaren bidez ordaintzen dute kanona.

Instalazio berria abian jarri arte, Urdazubiko guneak hobi septiko bat zuen, baina euri-ur aunitz jasotzen zuenez, batzuetan gainezka egiten zuen. Bertzalde, Leorlas auzoan zegoen hobi septikoa hondatuta zegoen. Hori dela-eta, irtenbideak bilatzea ezinbertzekoa zen, eta aukera onena instalazio berria eraikitzea zela erabaki zen.

Araztegi berria Komentuko Bordan dago. Puntu horretara bitarte Hiribereko eta Urdazubiko herriguneko isuriak ponpatu egiten dira. Leorlas, berriz, sifoi bidez konektatzen da. Behin ura araztuta, Ugarana ibaira isurtzen da.

Banaz bertze eguneko aurreikusitako emaria segundoko 0,98 litrokoa da;  85 metro kubiko egunean. Hala ere, euri aunitz egiten duenean edo euri-jasak bezalako ezohiko fenomenoak gertatzen direnean, instalazioak 2,35 litro har ditzake segundoko, eta, eguraldi-aldaketa larriak gertatuz gero, berriz, gehienez 6,86 litro har ditzake segundoko.

 

Aurrekariak

Proiektu bateratua egiteko premia duela zortzi urte sortu zen. 2011ko abenduan, Hiribere auzoko saneamendu-obrak egin zituzten. Urdazubiko herriguneko eta Leorlas auzoko isuriak ere ponpaketa horretara bideratzea planteatu zuten. Baina, eraginkortasun tekniko handiagoaren bila, NILSAk bertze aukera batzuk aztertu zituen, eta, era, horretan, 2015ean, isuri-puntu horietarako guztietarako araztegi oso bat eraikitzea erabaki zuten.

NILSAk instalazioek behar bezala funtzionatzeko ardura izanen duenez, mantentze-lanetako teknikariek astean bitan berrikusi beharko dituzte egon daitezkeen buxadurak, lohi-mailak eta pilatutako flotatzaileak; halaber, isuri toxikorik edo instalazioaren ohiko funtzionamenduaz kanpoko bertze hondakin-motarik ez dela bota egiaztatu beharko dute. Horrez gain, teknikariek jasoko dituzte instalaziora iritsitako zaborrak, materia organikoa, e.a.

Irteerako ura ibaira itzultzen dena da, eta horren kalitatearen laginak hilean behin hartzen dira. Bertzalde, hobietan pilatzen den lohiaren maila gutxienez urtean behin berrikusten da, eta hori garbitzeko agindua emanen da dagoen kopuruaren arabera. Jasotako lohiak Arazuriko araztegira eramango dira, bertan lohiak tratatzeko instalazioak baitaude. Biztanleria-dentsitate gutxiko guneei zerbitzua ematen dieten instalazio guztietako lohiak eremu geografikoaren arabera ezarritako beste handiagoetara eramaten dira.

 

Hezkuntza-programa

Abian jarri denetik, Urdazubiko araztegia NILSAren hezkuntza-programan sartu da, eta, modu horretan, doako bisita gidatuak egin daitezke hiru hizkuntzatan: gazteleraz, euskaraz eta ingelesez.

2018. urtean zehar, 7.717 lagun bildu ziren hezkuntza-jarduera horietan nahiz uraren erabilerari buruzko kontzientziazio-programako gainerakoetan; hau da, gelako tailerrak, haurrentzako jolasak, hirugarren adinekoen egoitzetan hitzaldiak eta analisi-jarduerak ibaiertzetan, besteak beste.

Baliabide hidrikoak punturik sentikorrenak dira klimaren narriaduran, eta beharrezkoa da prebentziorako eta egokitzeko neurriak izatea. Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak arazteko eta hornitzeko sistemak eta prozesuak bultzatu ditu Hiri-erabilerako Uraren Ziklo Integralaren 2019-2030 Plan Zuzentzailearen bitartez; plana maiatzaren 8an onartu zen.

Nafarroan, uraren erabilerarako plan integrala dugun lehen aldia da, lehendik bi independente baitzeuden: bat hornidurarako eta bestea saneamendurako. Plan zuzentzaileari esker, Foru Exekutiboak ikuspegi integratzaileagoa, eraginkorragoa eta zehatzagoa defendatzen du, Europako araudiarekin ere bat egiten duena eta aldaketa klimatikoaren aurka borrokatzeko eszenatoki orokorrarekin bat datorrena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun