Lizarietako lepoan lanak fite hasiko dituzte Saran

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 15a, 14:00
Lizarietako lepoak hartuko duen itxura berria.

Bertzeak bertze, txoriak kontatzeko etxola, ibiltarientzako lehorra eta zerbitzuak ezarriko dituzte

Badira bederatzi edo hamar urte Sarako Herriko Kontseiluak Lizarietako lepoan hainbat obra egitea pentsatu zuela. Bada, itxura guztien arabera, proiektuarekin fite hasiko dira.

Proiektu horren barne, alde batetik, txoriak kontatzeko etxola eraikiko dute eta horrez gain, Lizarietako lepotik pasatzen diren ibiltari eta mendizaleentzako lehorra eginen dute, bertzeak bertze, zerbitzuak edo komunak izanen dituena. Zaldiekin dabiltzanek ere animaliak uzteko tokia izanen dute eta ibiltarientzako bidaxken informazioa edo mapa bilduko duen panela ere paratuko dute.

Lanak egiteko behar den dirua nagusiki Euskal Hirigune Elkargoak bideratuko du eta herriko lantegiak arduratuko dira obraren zati handienaz, terrazaz izan ezik. Hargin-lanak Mikel Iriartek eta Beñat Mendiondek eginen dituzte, zurgin-lanak Peio Amestoik eta elektrizitateaz Jean Luk Soudre arduratuko da. Terrazako obra izanen da herritik kanpoko lantegi batek eginen duen bakarra. Sobamat enpresak eginen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun