Ongi Izate Eguna igande honetan iraganen da Saran

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 14a, 19:00
Egun osoz Sarako praktikante eta terapeutak ezagutzeko aukera eskainiko dute Lur Berri gelan.

Igande honetan, azaroak 17, Ongi Izate Eguna antolatu dute Saran. 09:00etatik goiti herriko terapeuta eta praktikanteak ezagutzeko aukera izanen dute eta haur eta helduentzako hainbat tailer ere izanen dituzte egun osoan.

Aurten hirugarren aldikoz eginen dute Ongi Izate Eguna Saran. Azaroaren 17an iraganen da eta aitzineko aldietan bezala, herriko terapeuta eta praktikanteak ezagutzeko aukera izanen dute 09:00etatik 19:00etara Lur Berri gelara hurbiltzen direnek. Erakusmahaiez gain, tailerrak eta hitzaldiak ere izanen dituzte egun osoan. Sartzea euro bat ordaindu beharko dute helduek eta haurrek urririk izanen dute.

10:00etan auto-masaje tailerra eskainiko dute eta 10:30ean helduendako yoga ikastaroa hasiko da. 11:30ean haurren txanda izanen da eta gorputzaren iratzartzeaz ikasteko aukera izanen dute. 12:00etan harri eta Tibeteko bolatxoekin energia orekatzeko tailerra eskainiko dute. Ordu erdi berantago, oinazpiko masajea egiten ikasteko hastapeneko tailerra emanen dute.

14:30ean haur eta gurasoek sofrologia egiteko aukera izanen dute eta ordubete geroago litoterapiari buruzko solasaldia emanen dute. 16:00etan Chi Gong ezagutzeko aukera izanen da eta 17:00etan haurrek yoga egiten ahalko dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun