Baionako final aitzinekoa
Bertsularien Lagunak Elkarteak «arrakasta» hitzarekin laburbildu ditu aurtengo Taldekako Xilaba txapelketako final aitzinekoak. Baionako Zizpa gaztetxean jokatu zen lehenbiziko final aitzinekoa, eta espero baino jende gehiago hurbildu zen saioa ikustera. 4koplaSara eta Hasta La 2toria taldeak aritu ziren eta hastapenetik umorea nagusitu zen. 4koplaSarak Korrikako hainbat ediziotako kantuen doinuetan oinarriturik, bertsolari bakoitzaren ibilbidea aurkeztu zuen, lekuko bat eskuz esku eramaten zuten bitartean. Agurra finitzeko Xilabaren lekuko barnean zen bertsoa kantatu zuten: «Lekuko honek zenbat ostatu, plaza gaztetxe ta kale / xilaba denek osatzen dugu bertsulari bertsuzale / baina bertsoa ez da joko huts baizik ta arnas seinale / iraganetik datorkiguna geroaren iragarle / bide luzetan izan dadila herri baten eramale». Txalo zaparrada artean jarri zen Amets Arzallus, Ellande Alfaro eta Laida eta Julene Etxeberri ahizpek osatutako Sarako taldea.
Hasta La 2toria taldeko Lur Renteriak, Maddi Sarasuak, Elixabet Etxandik eta ariketa puntuagarrietan ordura arte kantatu ez zuen Hodei Renteriak aurten sailkapen fasean joandako Xilabakideak izan zituzten gogoan. Guziak serora mozorroa jantzirik, ordura arte Xilaban «eroritako» taldeen aldeko otoitza irudikatu zuten, Omiasaindu Eguna zela oroituz. Hitz jokoz eta trufa sanoz beteriko agurra eskaini zuten. «Zoazte jaunaren bakean... Bakean?» kantatu zuten momentuan mozorroa kendu eta Hodeik azpian Ernesto Che Guevararen irudia jantzirik zuela, gisa honetan finitu zuten aho batez: «eskerrak Che Guevarari». Hauendako ere txaloaldi ederra izan zen.
Ariketa guztiek eman zuten gozatzeko aukera eta azkenean Hasta La 2Toria taldea atera zen garaile, Izturitzeko finalerako txartela eskuratuz.
Muskildiko final aitzinekoa
Biharamunean Muskildin jokatutako saioa «orekatuagoa» izan zela adierazi dute Bertsularien Lagunak Elkartetik, «biziki bertsoaldi guti erori baitzen». 80 bat lagun bildu ziren Epherra ikastolak prestatu zeun afariaz profitatzera eta ederki jan ondotikk saioaz gozatu ahal izan zuten. Agur diferenteak egin zituzten Ez Otoi Pentsa eta UrruaGo taldeek. Lehenak, Maddi Ane eta Josu Txoperena anai-arrebek eta Miren Artetxek, Amy Winehousen rola hartzea erabaki zuten. Maddi Ane Amy zen bitartean, Miren deabruak eta Josu Aingeruak kontzientzia lanak egin zituzten. Amyren off ahotsak kantatzeko gogo guti agertu zuen eta haren aingeru Josuk Berttolin gau hartan parean zuen talde beraren aurka nola galdu zuen oroitu zuen, baina irabazteko helburua argiki adierazi zuen. Deabruak, berriz, ongi kantatzearekin konformatuko zela azaldu eta UrruñaGokoak izendatuz hauen aldetik zerk beldurtzen zuen zehaztu zuen. Bukatzeko hiruek Winehousen Rehab kantu ezagunarekin txapelaren xerka joan zirela gora kantatu zuten… «Xapeletik urrun bagira zuek urrunago go go /zuek onak zizte baina gu gehiago go go! / txapela jadanik guri begira dago go go!» Izan zen haien mezua.
UrruñaGo taldeak, berriz, Xiberua hartu zuen gaitzat, honi buruzko estereotipoak gezurra direla erakutsiko zutela adieraziz hasi ziren Iker Altuna, Odei Barroso, Kerman Diaz eta Ortzi Idoate kantuan. Ondotik, bakoitzak xiberuaren edo xiberutarren ezaugarri bat hartu zuen. Ikerrek Ü eta H hainbeste ahoskatzen dituzten horiekin Lapurdiko jendeak ezin ulertua agertu ohi duela salatu eta «ezin da nehor ongi ezagutu elkar interesatu ezean» aldarrikatu zuen. Odeik Xiberua zein urrun den pentsatu ohi dela aipatuz, batzuek bidaia luzeak hurbiltzat dituztela adieraziz, hola bukatu zuen bertsoa: «Baina halere Müskildiraino jin ta ohartu naiz egun / ezer ez dela hain hurbil eta ezer ez dela hain urrun». Kermanek paisaiak izan zituen aipagai. Xiberuako herrien deskribaketa egin zuen, «artaldeak lasai lasai pentze ederretan barrena / zerbaitengatik da bazter guzietako xokorik eijerrena» kantatuz. Eta Ortzik Ekialde kantua doinu gisa harturik xiberutarren kantaera goraipatu nahi izan zuen, «lortu nahian zuen maila». Azkenik denek batera «Horra düzü Ez Otoi Pentsa partitzeko tenoria» abestuz finitu zuten baina ez zen haien iragarpena bete eta Hendaiako taldea gailendu zitzaien larunbateko saioan.
Finala Izturitzen
Finala azaroaren 16an Izturitzeko herriko gelan jokatuko da. Hala ere, ez da saio hutsa izanen. Izan ere, 12:00etan bazkaria antolatu dute eta 16:30ean lehia hasiko da. Txartelak Baionako Elkar dendan, Hazparneko Xuriatea ostatuan eta Garaziko Irulegiko Irratian eskura daitezke eta erreserbatzeko Bertsularien Lagunak Elkartera ere deitzen ahal da (05 59 54 15 04).