Irailaren 20an Taldekako Xilaba Txapelketa hasi zenetik bederatzi saio joan dira final aitzinekora arribatu arte. Saio horietan bederatzi taldek parte hartu dute eta horietatik lauk lortu dute ligaxka gainditu eta finalerdietara pasatzea: Hasta La 2toria (Lur Renteria, Maddi Sarasua, Elixabet Etxandi, Hodei Renteria, Leire Laskarai), 4KoplaSara (Amets Arzallus, Laida Etxeberri, Ellande Alfaro eta Julene Etxeberri saratarrak), Ez Otoi Pentsa (Miren Artetxe, Josu Txoperena –Lesaka, Hendaia–, Gorka Artetxe, Maddi Ane Txoperena –Lesaka, Hendaia–) eta UrruñaGO (Kerman Diaz, Odei Barroso, Iker Altuna, Ortzi Idoate).
Lehenbiziko finalerdia, ortziralean, Baionako Zizpa gaztetxean iraganen da. Saioa 19:00etan hastekoa da eta ikastolak laguntzen duen B.I.L. elkarteak taloak salduko ditu bai saio aitzinetik baita ondotik ere. Hartan Hasta La 2toria eta 4KoplaSara izanen dira aurrez aurre. Bigarren final aitzinekoa, aldiz, Muskildiko Posonpesenea gelan jokatuko da larunbatean eta han, Epherra ikastolak tokiko mozkinekin prestaturiko afaria eskainiko du. Hitzordua 19:00etarako finkatua da eta izena emateko gomendatu dute antolatzaileek (06 81 81 14 39). Xiberoko saioan jadanik Urruñan lehiatu ziren UrruñaGO eta Ez Otoi Pentsa ariko dira; azken horrek multzoetako bigarren talde onenaren lekua erdietsita lortu baitu finalerdietara sailkatzea.
Hala, bi saio horien ondotik zehaztua geldituko da azaroaren 16an Izturitzen jokatuko den finalean ariko diren bi taldeak zein izanen diren.