Sarako Gaztetxearen 30. urteurrena ospatzeko besta urriaren 26an eginen dute

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 23a, 07:30
Sarako Gaztetxeak hainbat ekitaldi antolatu ditu, tartean inauteriak.

Bazkaria egiteaz gain, egun horretan hainbat musika taldek kontzertuak eskainiko dituzte gaztetxean

Arian ari, dagoenekoz 30 urte iragan dira herriko gazte kuadrilla bat elkartu eta herrian gaztetxea sortu zutenetik. «Euskal kontzientzia bulkatu eta batzuengan pizteko» sortu zuten eta helburu horrekin eta bertze hainbatekin lanean segitzen dute oraindik ere.

Gaur egun, 16 eta 25 urte bitarteko 15-20 lagunek osatzen dute gaztetxea eta «herriko gazteak biltzeko, herria biziarazteko, euskara sustatu eta plazaratzeko, presoen gaia jorratzeko eta bertze hainbat gai lantzeko» hainbertze ekitaldi antolatzen dituzte urtean zehar. Halaxe azaldu digu gaztetxeko kidea den Leire Fagoaga gazteak. Hala ere, azpimarratu nahi izan du «gaztetxetik pasatutako aitzineko belaunaldiak beti laguntzeko prest» izaten direla.

Ez dira gutti urtean zehar antolatzen dituzten ekitaldiak. Bertzeak bertze, Urrats Gaua antolatzen dute Herri Urrats bezperan, kontzertuak eta bertze hitzorduak egiten dituzte noiznahi, eta «herriko bertze elkarteekin eta besta komitearekin ere elkarlanean ari gara». Horren erakusle, bestetako hainbat ekitaldi euren gain hartzen dituztela gaztetxeko kideek.

Aurten, ordea, zerrenda horri bertze bat gehitu diete: gaztetxearen 30. urteurrena ospatzeko urriaren 26an besta eguna antolatu dute.

 

Bazkaria, kontzertuak eta gehiago

Egun horretan, eguerdian bazkaltzeko elkartuko dira eta ondotik hainbat musika talderen doinuez gozatzeko aukera izanen da: Waxy, BKBO-Fusible, Kiki And The Red Kiketz, Aho Zakil Konexion eta Nina Coyote eta Chico Tornado. Eguna borobiltzeko, sorpresak izanen dituzte.

 

Kamisetak salgai

30. urteurrenaren karietara kamisetak ere atera dituzte gaztetxeko lagunek. 15 eurotan salgai paratu dituzte eta nahi duenak Trinketean edota Herriko Etxeko Edantegian eskura ditzake. Gaztetxeko kideen bitartez ere egin daiteke eskaera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun