Taldekako Xilaba Txapelketako finalerdietako taldeak erabaki dira

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 22a, 09:30
Igandean Urruñan jokatutako saioan, Miren Artetxe bertsolaria kantari.

Finitu da Taldekako Xilaba Txapelketako ligaxka eta parte hartu duten bederatzi taldeetatik lauk lortu dute finalerdietara sailkatzea: 4koplasara, Hasta La 2toria, Urruñago eta Ez Otoi Pentsa taldeak dira azaroaren 1ean eta 2an jokatuko diren finalerdietan ariko direnak.

Joan den igandean jokatu zen ligaxkako azken saioa Urruñan. Etxeko taldeak, Urruñagok, Maddi Ane Txoperena (Lesaka-Hendaia), Miren Artetxe, Josu Txoperena (Lesaka-Hendaia) eta Gorka Artetxeren Ez Otoi Pentsa taldea errezibitu zuen eta bi taldeen arteko lehian, bertsoaldi ederrak aditzeko aukera izan zuten bildutakoek.

Zortziko ttikian, erraterako, Maddi Ane Txoperenaren eta Ortzi Idoateren bertsoak aipatzekoak izan ziren. Gaztetan rock talde bateko kide izandakoak ziren eta lehenbizikoak taldea berrosatzea proposatu zion, eta Ortzik horretarako indarrik ez zuela adierazi ondotik, Maddi Anek Kortatu berriz taularatzea ona zela erranez «kontzertua emanda milioi batzun truke / areto haundiena beteko genuke» kantatuz erantzun zion. Berehala aipatu zuten joan berri den Iñigo Muguruza, «nola gaitezke orain oholtzara igo / orain guti joan da ta anaia Iñigo». Kontzertua «egin diezaiokegun omenaldi onena» zela entzunik Ortzik horretarako ezina agertu eta halere kontzertuetara joanen zela adierazi zion. Finitzeko Maddi Anek «…bakarrik ezin du izan / nik ez dut deus balio bakarlari gisan» bota zuen. Bakarkako lanean, Odei Barrosok eta Miren Artetxek ere lan ederra egin zuten.

Azkenean, Urruñagok irabazi zuen, baina Ez Otoi Pentsa taldeak ere finalerdietara sailkatzea lortu du, multzoetako bigarren onena izendatu dutelako.

Finalerdiak
Azaroaren 1ean Baionako Zizpa gaztetxean jokatuko da Taldekako Xilaba Txapelketako lehenbiziko finalerdia, 19:00etan. 4koplasara –Ellande Alfaro, Amets Arzallus, Julene Etxeberri eta Laida Etxeberriren taldea– eta Hasta La 2Toria –Elixabet Etxandi, Lur Renteria, Maddi Sarasua, Hodei Renteria eta Leire Laskarai– taldeak ariko dira.

Biharamunean, azaroak 2, Muskildiko Posonpesenea gelan jokatuko da bigarren eta azken finalerdia. Afalondoko saioan, 19:00etan hasita, Urruñago –Odei Barroso, Kerman Diaz, Iker Altuna eta Ortzi Idoate– eta Ez Otoi Pentsa taldeak ariko dira.

Azaroko bi saio horietan erabakiko da zein izanen diren azaroaren 16an Izturitzen jokatuko den finalean kantatuko dutenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun