Hodei Lujanbio goizuetarra nagusitu da Urdazubiko kontrabandisten lasterketako konbinatuan

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 21a, 19:00

Larunbateko 9,5 kilometroko gau-lasterketan nahiz igandeko 22 kilometroko lasterketan bigarren izan zen

Hitzordu bikoitza izan dute aurten Urdazubin, Kontrabandisten lasterketaren harira. Larunbatean 9,5 kilometroko gaueko lasterketan Jokin Arretxea eta Maria Loizu (Trail Run 19) nagusitu ziren eta igandeko 22 kilometroko proban, Ander Erice (Sakana Bizirik) eta Alizia Olazabal (Eskoriatza). Bi proben konbinatuan, Intxixutrail taldeko Hodei Lujanbio goizuetarra nagusitu zen gizonezkoen artean, bietan bigarren izan baitzen. Emakumezkoetan, Maria Loizu, laburrean garaile eta luzean hirugarren izan baitzen.

Hitzordu berezia prestatu du aurten lehen aldiz Urdazubiko gazteriak, udalak eta Sport-Madness.com webguneak. Irteerak ere bereziak izan ziren, gaueko lasterketan hontza baten hegaldiak eta 22 kilometrokoan arrano batenak eman baitzien hasiera lasterketei.

Gaueko lasterketan bizkorrena Jokin Arretxea izan zen (52.22), Hodei Lujanbio goizuetarra bigarren (52.55) eta Manttaleko Asier Apezetxea aranztarrak (53.13). Emakumezkoetan Maria Loizu izan zen bizkorrena (1.07.07), Manttaleko Jone Zelaieta (1.08.09) eta Ainhoa Etxegarai (1.10.32) beratarren aitzinetik.

Igandeko 22 kilometroko lasterketan, berriz, Sakana Bizirik taldeko Ander Erice izan zen bizkorrena (1.53.42). Bezperan bezala, bigarren izan zen Hodei Lujanbio goizuetarra (1.56.26) eta Lagunak taldeko Aritz Arteta hirugarren (2.00.33). Emakumezkoetan, Eskoriatzako Alizia Olazabal izan zen bizkorrena (2.17.59), CVCko Maite Karrika (2.25.25) eta bezperan irabazle izan zen Maria Loizuren aitzinetik (2.34.41).

Gisa horretara, bi probetako konbinatuan Hodei Lujanbio (hiru ordu baino guttiago behar izan zuen bakarra) eta Maria Loizu nagusitu dira.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun