Usoaren Astea antolatu dute urriaren 20tik 25era Saran

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 18a, 16:00

Igande eguerdian desfilea eginen du plazan Sarako Usoaren Kofradiak.

Igande eguerdiko desfileaz gain, heldu den astean hainbat hitzordu prestatu dituzte

 

Aurten ere ekitaldi franko antolatu ditu Sarako Usoaren Kofradiak Usoaren Astearen karietara. Igande honetan, urriak 20, hasiko dira kofradiako kideek eginen duten desfilearekin eta heldu den ortziralera bitarte,  urriak 25, eskaintza zabala prest dute.

Igandean,  kofradiak urteko egun handia ospatuko du. 12:00etan plazan desfilea eginen dute. Biharamunean, urriak 21, 18:00etan esku huska pilota partida jokatuko dute plazan eta asteartean, hilak 22, herri-kirol saioa antolatu dute 18:30ean plazan.

Asteazkenean eta ortziralean, urriak 23 eta 25, 11:00etan usategiak bisitatzeko aukera izanen da. Horretarako aitzinetik izena eman beharko da Turismo Bulegoan. Ortzegunean, berriz, 10:00etan eliza eta kanpandorrera bisita-gidatua eginen dute aitzinetik Turismo Bulegoan izena ematen dutenekin. Eguna borobiltzeko, 19:00etan Erlauntza abesbatzak kantaldia eskainiko du elizan.

Horrez gain, aipatu behar da, herriko hainbat jatetxetan usoekin lotura duten jatekoak dastatzeko aukera izanen dela Usoaren Astean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun