4koplasara taldeak Taldekako Xilaba Txapelketako finalerdietarako txartela eskuratu du

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 15a, 17:00
Ortziralean Amenduzeko saioan aritu ziren bertsolariak, tartean, 4koplasara taldekoak.

Asteburuan ligaxkako bertze bi saio jokatu dira eta saratarrek osatutako taldeak hor lortu du azaroaren 1ean Baionan jokatuko den finalerdietara sailkatzea. Hasta la 2toria taldearen aurka ariko da. Bigarren finalerdirako partaideak, berriz, igande honetan Urruñan eginen den bertso-bazkarian erabakiko dira.

Ellande Alfaro, Julene Etxeberri, Laida Etxeberri eta Amets Arzallus saratarren 4koplasara taldeak ortziralean Amenduzen jokatutako saioan lortu zuen finalerdietara sailkatzea. Eskukula taldearekin aritu zen, eta biek Ezkorbrutei gailendu ondotik, finalerdietara pasatzeko txartela zuten jokoan. Gaurkotasuna eta umorea uztartuz, saio ederra eskaini zuten eta azkenean saratarrak gailendu ziren. Horrenbertzez, azaroaren 1ean Baionako Zizpa gaztetxean jokatuko den Hasta la 2toria taldearekin ariko da lehian.

Larunbatean, berriz, Ekainaz eta Kontrabanda taldeak aritu ziren Azkainen. Saio hori ere giro paregabean iragan zen. Urriaren 12a izanda, Ekainaz taldekoak guardia zibilez jantzirik agertu ziren eta Josebiñe Agirre zugarramurdiarraren Kontrabandak 'multzoko bi galtzaileen guda ongi etorri kontsulamendura' abestu zuen, bi saioetan gailenduz haien multzotik Hasta la 2toria sailkatua dela oroitaraziz. Lagunarteko giroan, saio ederra egin zuten.

Hala, behin betiko finalerdietarako sailkapena igande honetan Urruñako Berttolin eginen den bertso-bazkarian erabakiko dute. Urruñago eta Ez Otoi Pentsa (Maddi Ane Txoperena, Josu Txoperena, Miren Artetxe eta Gorka Artetxe) taldeak ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun