Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoko bertsolari gazteei plazak eskaintzeko 'Haizea Dator' ekimena sortu dute

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 16a, 15:00
Muskildiko saioan parte hartu zuten bertsolari gazteak, tartean, ezkerretik hasita hirugarrena, Maddi Ane Txoperena.

Bertso-eskoletako ikasleei eta jadanik bertso-eskolatik atera diren bertsolari gazteei saioetan kantatzeko aukera eskaini nahi diete, eta horrez gain, bertsozaletasuna sustatu nahi dute. Urriaren 4an egin zuten lehenbiziko saioa eta maiatzera bitarte guztira zortzi saio eginen dituzte. Azarokoa Senperen eginen dute.

Bertsularien Lagunak elkarteko transmisio lantaldeak sortu du ekimena, Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoko bertso-eskoletako ikasleek eta bertso-eskoletatik atera diren bertsolari gazteek bertso-saioetan kantatzeko aukera izan dezaten. Hiru lurraldeetan zortzi saio antolatuko dituzte eta bertso-eskolek izanen dute saioak antolatzeko ardura. Gazteei plazak eskaintzeaz gain, bertsozaletasuna sustatu eta jendea elkartera hurbilaraztea dira ekimenaren helburuak, «haurrak antolatzaile aktibo bilakatuz eta zirkuitu berri bat sortuz», adierazi dute Bertsularien Lagunak elkartetik.

Urriaren 4an Muskildin egin zuten lehenbiziko saioa eta elkartetik adierazi dutenez, «biziki harrera ona» izan zuen. «Gurasoak eta bertsozaleak hurbildu ziren bertso-saioaz eta ondorengo aperitifaz gozatzeko asmoz». Kantuan Maddi Ane Txoperena (Lesaka-Hendaia), Aitor Servier, Oneka Arteaga, Aetz Etxart, Xabi Negueloua eta Naia Etxeberri Larzabal aritu ziren eta biziki saio polita eskainiko zuten.

Hurrengo saioak

  • Azaroaren 8an Senpereko Larraldea baserrian.
  • Abenduaren 6an Hendaiako Baleak elkartean.
  • Urtarrilaren 10ean Itsasuko Goxoki gaztetxean.
  • Otsailaren 6an Baionako Kalostrape ostatuan.
  • Martxoaren 13an Azkaineko Xoko Ona ostatuan.
  • Apirilaren 3an Urruñako Berttoli elkartean.
  • Maiatzaren 15ean Baigorriko Basaizea elkartean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun