Kontrabandisten lasterketa bikoitza eginen dute asteburu honetan Urdazubin

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko urr. 18a, 19:00
Berezia eta bikoitza izanen da aurten kontrabandisten lasterketa Urdazubin.

Larunbatean gaueko lasterketa eginen dute, bederatzi kilometro eta erdikoa eta larunbatean Maratoi Erdia

 

Mendi lasterketa maite dutenek, horretarako aukera ezin hobea izanen dute asteburu honetan Urdazubin, bi lasterketa antolatu baitituzte gazteek eta Udalak: larunbatean, gaueko lasterketa eta igandean, maratoi erdia.

Gaueko lasterketa

Duela hogei bat urte, proba hau antolatzen hasi zirenei omenaldia eskainiz, 9,5 kilometroko lasterketa eginen dute larunbatean, urriak 19. 19:45ean abiatuko da 500 metroko malda positiboa duen lasterketa.

Maratoi erdia

Igandean, berriz, 22 kilometro eta 1.200 metroko malda duen maratoi erdia eginen dute. 10:00etan abiatuko dira lasterkariak eta tartean, errekak, zubiak, bidexkak, tontorrak eta bertze hainbat txokotatik pasatzeko aukera izanen dute.

Izen-ematea

Parte hartu nahi dutenek play.sport-madness.com atarian eman beharko dute izena. Antolatzaileek iragarri dutenez, kirolariek bi lasterketetan edo bakarrean parte hartzeko aukera izanen dute, eta garai bateko kontrabandistak gogoan, hasierako 500 metroetan eta helmugara sartu aitzineko metroetan zakua bizkarrean eraman beharko dute.

Asteburua borobiltzeko, larunbat gauean hirugiharra eta txistorra eskainiko dituzte eta igandean luntxa parte-hartzaileentzat, horien laguntzaileentzat eta boluntarioentzat. Informazio gehiago nahi duenak Arantxa Blancori galdegin diezaioke,  659 18 94 20ra deituz edo arantxa@sport-madness.es helbidera idatziz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun