Udazkena xarma eta planez gainezka ailegatu da Zugarramurdirat

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 14a, 19:00

Nafar Loreak emanaldia ikustera eta aditzera 500 lagun hurbildu ziren Zugarramurdiko lezerat.

Pilare egunean 1.300 lagun sartu ziren lezerat eta 412 Sorginen Museorat

Sasoi berriak Zugarramurdiko paisaiaren koloreak aldatu ditu, egunak murriztu eta gauak freskatu dira. Baina honek ez du erran nahi herri honetako eskaintza turistikoa eta kulturala baretu dela. Txotxongiloak, Korrontziren kontzertuaren ikuskizuna, Logroñon ospatuko den 1610eko Fede Autoaren oroimena eta besta egunetan eskainiko diren ordutegi zabalagoak agendaren erritmoa markatzen ari dira.

Txotxongiloak, Ondareari buruzko Europako Jardunaldietan

Irailaren azken asteburuan, Nafarroako bertze 35 museo ttiki, bilduma museografiko iraunkor eta erakusketa publikoaren guneekin batera, Zugarramurdik ere Ondarezainaren ekimenarekin bat egin zuen Ondarearen Europako Jardunaldiak ospatzeko. Aisialdia eta artea lelopean, Nafarroako Gobernuko Kultur Zuzendaritza Orokorrak bultzatu du. Zugarramurdi txotxongiloz bete zen. Herri ttiki hau, sorginez gain, panpin bizidun hauei esker ere ezaguna baita, Euskal Herrian izan den txontxongilo-antzoki iraunkorraren egoitza bakarra izan baitzen. Bertze aldetik, bi urtetik behin eta hamar urtez, Euskal Herriko Titiriteroen Topaketa auzolanean bertan antolatzen zen.

Izan ere, Taupada Antzeztaldea, pasa den irailaren 28an bere txotxongiloekin eta aktorekin herriko karriketan nagusitu zena, usadioz festibal honetarat etortzen zen. Herritarrak bere parte hartzeaz goxoki oroitzen dira eta garaian haurrak zirenek, Argitxo Iratxoa, bere haurtzaroa magikoa bihurtu zuen Taupadaren pertsonaia maitagarria ezagutzerat bere seme-alabak ekarri dituzte orain.

 

Korrontziren ‘Nafar Loreak’

Azkeneko bortz urte hauetan inguruko jendeari zuzenduta dagoen eskaintza kultural honetan, Korrontzi, Agus Barandiaran-aren trikitixa eta gonbidatu nabarmen anitzek Nafar Loreak, Zugarramurdiko Lezean antzeztu den kolorez eta sorpresaz beteta ikuskizun handia eskaini dute. Publikoan 500 lagun baino gehiagok eszenatokitik pasatu diren 150 partehartzaile baina gehiagoen Korrontziren folk musikari laguntzeko egindako lan bikaina ikusi eta aditu dute: Lesakako Udal Bandaren lanarekin hasita; Bera, Leitza, Ataun eta Tafallako dantzarien koreografiak, Izaskun Iturriak zuzendua; Atarrabiako Abesbatza, Dani Conderen gaita, Garikoitz Mendizabalen txistua, Leturiaren panderoa; Arratiako Felix, Leon eta Maurizia erraldoiak bukatzeko… Zugarramurdiko sorginek ere, kisulabearen gainean suaren inguruan eserita, eszenatokiko mugimenduak adi-adi segitu dituzte.

Ordu eta erdi iraun du ikuskizunak, publikoa zutik bukatzeko, azken suzirietan dantzarien desfilean ere nahasita. Lezerat etortzeko gogoarekin gelditu denarendako, Euskal Telebistak Nafar Loreak Urteberri egunean emanen du.

 

409. urteurrena

Hazilan, begirada Logroñorat zuzenduko da eta hor ere, Zugarramurdik protagonismo handia hartuko du. Hain zuzen ere, orain duela 409 urte Errioxako hiriburuan ospatu zen Fede Autoan 31 zugarramurdiar sorgin izateaz epaitu zituzten eta horietatik 11 erre zituzten. Gertakari trajiko hauen oroimenez, ekimen anitz leku ezberdinetan ospatuko dira hilabete honetan.

Adibidez, Errioxako Liburutegia, 1610eko Fede Autoa, Zugarramurdiko sorginen erretzeko prozesua erakusketaren egoitza izanen da. Eraikin honetan ere, hazilaren 7an, hitzaldien sorta bat izanen da. Toti Martinez de Lezeak ‘La bruja’ eta Mikel Azurmendik ‘Las brujas de Zugarramurdi’, bertze historialari ezagunen artean, parte hartuko dute. Hurrengo egunean, hazilaren 8an, La Merced Kulturagunerat aldatuko da saioa; Marcelino Izquierdok La peste negra hitzaldia eskeiniko du, ondotik, Federico Soldevilla 1610eko Fede Autoari buruz solastatuko da. Tokia bete arte, sarrera dohanik izanen da.

Errioxako liburutegia egoitzarik egokiena izanen da Evidencia Médica argitaletxearen sorginen gaineko bi liburu aurkezteko. Alde batetik, hazilaren 15ean, ortziralea, Javier Álvarez Caperochipi mediku nafarrak Brujas, historia natural: alucinógenos, afrodisíacos y venenos berak idatzitako liburua aurkeztuko du. Bertze aldetik, Iñaki Uztarrozek oroimen hilabete honi El brujo de Bargota liburuaren aurkezpenarekin bukaera ederra emanen dio, hazilaren 28an. 

 

Pilare Eguna eta Omiasainduen Zubia

Urria, bere egun eguzkitsu eta tenperatura atseginekin, arras hilabete polita da Xaretan. Naturaz profitatzerat etortzen den bisitarien joan-etorria mantentzen da, batez ere, besta egunetan. Adibidez, Pilarreko Egunean, 1.300 bisitari lezerat sartu ziren eta 412 Sorginen Museorat. Erdia baina gehiago Euskal Herrikoak ziren, bizkaitarrak batez ere (%28a).

Omiasaindu zubirako, bai Soginen Museoak eta bai Lezeak, ordutegi berezia eskainiko dute:

Orduaren aldaketaren ondotik, Lezea 17:30ean hetsiko da, goiz ilunduko baitu.

Hazilaren 1ean eta 2an, ortziralea eta larunbata, Lezea 11:00etatik 17:30ak arte irekiko da (azken hau ixteko tenorea) eta Sorginen Museoa, 11:00etatik 19:30ak arte (ixteko tenorea).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun