Sarako Gaztetxearen urteurren bestan eginen duten bazkarirako izen-ematea zabalik

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 14a, 08:30
Hainbat ekitaldiren antolaketan aritzen dira Gaztetxekoak, inauterietan ere bai.

Bazkarirako apuntatzeko telefonoz mezua bidali behar da

Aurten 30 urte bete dira saratar gazte kuadrilla bat elkartu eta herrian gaztetxea sortu zutenetik. «Euskal kontzientzia bulkatu eta batzuengan pizteko» sortu zuten eta helburu horrekin eta bertze hainbatekin lanean segitzen dute oraindik ere. Gaur egun 16 eta 25 urte bitarteko 15-20 lagunek osatzen dute gaztetxea eta urtean zehar egiten dituzten ekitaldiei bat gehitu diete aurten: 30. urteurrena ospatzeko urriaren 26an besta eguna antolatu dute.

Ospakizunekin hasteko, eguerdian bazkaltzeko bilduko dira eta horretarako, aitzinetik eman beharko da izena; 06 81 67 22 35 telefonora idatzi behar da, izena eta zenbat lagunentzako erreserbatzea nahi duten adieraziz. Bazkariaren prezioa 20 eurotan ezarri dute eta leku mugatuak direla adierazi dute antolatzaileek. Menua, berriz, ondokoa izanen da: eltzekaria, Manex xerrikia txorizo pikillo saltsarekin eta patatekin, ardi gasna, sagar tarta, kafea ttottarekin, arnoa eta sagarnoa.

Hainbat musika talderen doinuez gozatzeko aukera ere izanen da: Waxy, BKBO-Fusible, Kiki And The Red Kiketz, Aho Zakil Konexion eta Nina Coyote eta Chico Tornado. Kontzertuetarako sartzea hamar euro ordaindu beharko da. Eguna borobiltzeko sorpresak ere izanen dituzte.

Kamisetak salgai

30. urteurrenaren karietara, kamisetak ere atera dituzte Sarako gaztetxekoek. 15 eurotan salgai paratu dituzte eta nahi duenak Trinketean edota Herriko Etxeko Edantegian eskura ditzake. Gaztetxeko kideei ere egiten ahal diete eskaera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun