Ez Otoi Pentsa taldeak puntua eskuratu du Taldekako Xilaba Txapelketako hirugarren asteburuan

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 8a, 17:00

Joan den asteburuan, Alduden eta Pausun jokatu ziren Taldekako Xilaba Txapelketako ligaxken hirugarren asteburuko saioak. Lehenbizikoan Hasta La 2toria gailendu zen eta finalerdietara sailkatu den lehenbiziko taldea izan da. Bigarren saioan, berriz, Maddi Ane eta Jous Txoperena (Lesaka-Hendaia) eta Miren eta Gorka Artetxeren (Hendaia) Ez Otoi Pentsa taldea nagusitu zen.

Joan den larunbatean, Aldudeko Alfaro ostatuan, Hasta La 2toria eta Josebiñe Agirre zugarramurdiarraren Kontrabanda taldeak aritu ziren lehian. Saio borobila eta umoretsua eskainiko zuten, baina azkenean, Hasta La 2toriak lortu zuen puntua. Are gehiago, finalerdietara sailkatu den lehendabiziko taldea izan da.

Egun berean, Pausuko Xaia ostatuan, Barça eta Ez Otoi Pentsa aritu ziren. Saio goxoa eskaini zuten eta jendea kontent utzi zuten bertsolariek. Azkenean, Txoperenatarren eta Artetxetarren taldea nagusitu zen, eta Barça taldea sailkatzeko aukerarik gabe utzi zuten.

Heldu den asteburuan Amenduzen eta Azkainen

Ligaxkako bertze bi saio asteburu honetan jokatuko dira. Ortziralean, urriak 11, Amenduzeko Eiheran 19:00etan Eskukula eta 4koplasara (Ellande Alfaro, Amets Arzallus, Julene Etxeberri eta Laida Etxeberri saratarrak) taldeak ariko dira. Urriaren 12an, berriz, Azkaingo Xoko Ona ostatuan, Ekainaz eta Kontrabanda (Josebiñe Agirre, Maddalen Arzallus, Maindi Murua eta Maialen Berra) taldeen txanda izanen da, 19:00etan hasita. Bi kasuetan, bertso-afari formatuan eginen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun