Sarako Herriko Etxeak haur-bilgunea irekiko du urriaren 21etik 31ra

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 4a, 15:00

Izen-ematea urriaren 8a arte egiten ahalko da

3 eta 12 urte bitarteko haurrentzat izanen da zerbitzua, bereziki lanean ari diren burasoen seme-alabentzat. 50 erabiltzaile onartuko dituzte eta egoitza 07:30etik 18:30 arte zabalik egonen da.

Haurren opor egunak tarteko, haur bilguneko ateak urriaren 21etik 31 arte izanen dituzte zabalik, astelehenetik ortziralera 07:30etik 18:30 arte. Jarduerak, berriz, 09:00etatik 17:00 arte eginen dituzte. Horien artean, yoga, kirolak, eskulanak, film emanaldiak eta ateraldiak eginen dituztela iragarri dute: hala nola, Ossau Irati ardi gasna sormarka eta Ezpeletako piperrak ezagutzeko bisitak, Itsasuko baserri batera bisita, Azkainera mendi martxa, Donibane Lohizunera irteera...

Eguneko prezioa 11,50 eurokoa izanen da saratarrentzat eta kanpokoentzat 13 eurokoa. Izen-ematea Herriko Etxean egin beharko da urriaren 8a baino lehen, eta hortik aitzinera berantegi izanen dela adierazi dute. Bertzalde, haurra joaten ez bada 09:00 baino lehen haur-bilgunera deitu beharko da eta joaten ez direnean justifikatu egin beharko dute mediku agiria mairie@sare.fr helbidera idatziz. Arrazoirik edo abisatu gabe joaten ez denari berdin-berdin kobratuko diete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun