4Koplasara garaile Saran jokatutako Xilaba Xapelketako saioan

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 1a, 16:00

Ezkorbrutak sailkatzeko ia aukerarik gabe gelditu zen

 

Pasa den asteburuan Sarako Pleka trinketan jokatu zuten Taldekako Xilaba Xapelketako ligaxken bigarren asteburuko saioa. Ellande Alfarok, Amets Arzallusek, Julene Etxeberrik eta Laida Etxeberrik osatzen duten 4Koplasara eta Karlos Aizpuruaren Ezkorbrutak aritu ziren kantuan. Saioa biziki giro ederrean joan zen eta bertsolariek ale politak utzi zituzten, batez ere ofizioka. Azkenean, 4koplasara atera zen garaile, eta Ezkorbrutak sailkatzeko ia aukerarik gabe gelditu zen.

4koplasara taldeak agurra Ezkorbrutak zirikatzeko baliatu zuen bazuen ere, azken hauek aitzineko saiotik ekarri zuten kexua kantatu zuten. Hazparneko epaia ez zutela onartzen argiki adierazi ondoren Xilaban segitzeko xedea agertu zuten. Horiek erranik saioa bera biziki giro ederrean joan zen, eta bertso ale politak entzuteko aukera izan zuten bertaratutakoek. Erraterako, 10eko txikian, arazoak dituen bikotearen paperean kantuan aritu ziren Amets Arzallus eta Patxi Iriart. Zazpi aldiz utzi eta zazpi aldi berriz elkartu den bikotekideak ziren, mezu bidez baizik ez direnak elkarrekin komunikatzen. «Zortzigarren aukera emaidazu otoi» erranez hasi zuen Ametsek ariketa. Patxik berriz ez zion erantzun «zinez maite nauela konturatu dadin». Biak bi otsoren gisan direla, kexatu eta adiskidetzen direnak... «hain ezkor ta hain bruta ez zaitela izan» bota zuen Arzallusek pareko taldearen izenarekin jokatuz. Patxik bikoteari erantzun edo Tinderrean izena eman dudan zela «zu galtzeko beldurrak maitemintzen nau ni» entzun behar izan zuen. Eta Iriartek horrela finitu zuen «ai! nolako dilema problema dut hemen – Amets ez ote dudan Tinderren atzemanen». Azkenerako, 4koplasara atera zen garaile, eta Ezkorbrutak sailkatzeko ia aukerarik gabe gelditu zen.

Erlazionatuak

4koplasara taldearen agurra

Ttipi-Ttapa 2019 urr 01 Xareta

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun