Ondarearen Europako Jardunaldiak eginen dituzte larunbatean Urdazubin eta Zugarramurdin

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 26a, 13:00

Egitarauaren barne, Urdazubin Alkerdi eta Berroberriko lezeetara bisita gidatua eginen dute eta Zugarramurdin, bertzeak bertze, txotxongiloen ikuskizuna, kantu emanaldia eta antzerkia antolatu dituzte.

Ondare natural eta kulturalaren balioa azpimarratzeko jardunaldiak antolatzen dituzte urtero Europa mailan eta haiekin bat egin dute Zugarramurdin eta Urdazubin. Hainbat ekitaldi prestatu dituzte larunbaterako.

Urdazubin lezeetara bisita
Pottoka urdinaren seinaleei segituz, Alkerdi eremuan barna ibilbide gidatua eginen dute Alkerdi-Berroberria lezeen  atarira. Larunbatean, irailak 28, 10:30ean plazatik aterako dira.

Zugarramurdin goizez eta arratsaldez ekitaldiak
11:30ean Ametsak ikusgarriaz gozatzeko aukera izanen da Museotik abiatuta. 13:00etan Argitxo Iratxoa Museoko ganbaran ariko da. 17:00etan txotxongilo bizidunak eskolako plazan ariko dira eta ordu erdi beranduago, 17:30ean bertze herrialdeetako kantak aditzeko aukera izanen da Museoko auditorioan. Horrez gain, Sormena eta Bainuetxea antzezlanak ere eskainiko dituzte. Gisa honetara, hamar urte baino gehiagoz Zugarramurdin egin izan den Titiriteroen Topaketa berreskuratu nahi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun