Kalakan taldeak hiru kontzertu eskainiko ditu asteburuan Sarako lezeetan

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 19a, 07:30
Kalakan taldekoek Sarako lezeetan emanaldia eskainiko duten bosgarren aldia izanen da.

Ortziralean, larunbatean eta igandean 21:00etan hasiko dira kontzertuak

Hiru eguneko musika jaialdi berezian, Kalakan taldeko kideek, musika gaelikoari, koralari eta euskal musika tradizionalari lekua egin nahi izan diote. Horretarako, Pierre Sanglarekin, Xan Errotabehererekin eta Jamixel Bereaurekin batera, Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat artista ariko dira.

Kalakan taldearen emanaldia ardatza izanik, egun bakoitzari izaera berezia emanen dien gonbidatuak izanen dituzte aldamenean. Jaialdiaren lehenengo egunean, irailaren 20an, musika gaelikoa izanen da protagonista, Kim Carnie abeslariaren eta Innes White gitarra-jotzailearen eskutik. Bigarren egunean, larunbatean, irailak 21, Loinatz Abesbatza igoko da taula gainera. Azkenik, jaialdiari amaiera emateko, igandean, irailak 22, euskal musika tradizionalaren txanda izanen da Berçaits Anaien, Andoni Aguirreren eta Dominique Le Guichaouaren eskutik. Kalakaneko kideek azaldu dutenez emanaldi bakoitza mimoz prestatu dute eta berezia izanen da: «bi kanta bakarrik errepikatuko ditugu hiru kantaldietan». Sarako lezeetan izanen dira kontzertuak, 21:00etatik aurrera.  Sarrerak salgai daude dagoeneko www.terreetcotebasques.com webgunean, 18 eurotan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun