Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, 16:00ak aldera ailegatuko dira txirrindulariak eskualdera eta 17:20 inguruan bukatuko da etapa. Iñaki Ariztiak, Urdazubiko alkateak, Xorroxin Irratiari adierazi dionez Urdazubiko herri-guneraino ailegatuko dira txirrindulariak: «2016an Dantxarinean bukatu eta bertatik abitu zen etapa bat. Oraingoan herri-guneraino eman nahi genuen lasterketa, horregatik, antolatzeko orduan zailtasun gehiago izan arren, herri-sarreran jarri dugu helmugako marra». Horrek, herritarrengan eragin zuzena izanen du, izan ere, 07:00etatik 14:00etara herri-gunera sartzeko modu bakarra Koilarko bidetik barna joatea izanen da eta ateratzeko Hiribere auzotik.
25.000 euro kostako zaio Urdazubiko Udalari Espainiako itzuliaren sartu-irtena. Ariztiak azaldu duenez, «urreko txandan baino puskaz gutiago» izanen da. Orduan, 150.000 euro kosta zirela gaineratu du, «baina etapa bukaera ez zenez izan espero bezalakoa, antolatzaileekin akordio honetara ailegatu gara».
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!