Sartzeak www.terreetcotebasques.com atarian eros daitezke, helduenak 15 eurotan eta 12 urtez beheitikoek urririk izanen dute. Euskarazko ikusgarria da, baina euskara ez dakitenek segitzeko testuak frantsesez idatziak dituzten liburuxkak bortz eurotan salduko dituzte.
Domingo Garat gogoan
Pastorala Frantxoa Casetek idatzi du eta Fabien Lechardoyk zuzendu. Domingo Garaten bizia kontatzen du eta aldi berean, euskaldunentzat samin handiko garai historikoa oroitarazten du. Luis XVI.a Frantziako erregeak Lapurdiko ordezkari izendatu zuen Domingo Garat eta Frantziako Iraultza denboran Euskal Herriaren alde egin zuen arren, horrek ez zuen iraultza oztopatu. 1989ko agorrilaren 4ko gauean, diputatuek aho batez bozkatu zuten pribilegio guztien ezeztatzea, nahiz eta Garat horren kontra agertu. Ipar Euskal Herrian jendea oldartu zen, baina frantses iraultzaileek Frantziaren aldeko lotura sendotzea lortu zuten eta Iparraldeko euskal herritarrak Espainiaren kontrako gerran parte hartzea ere bai. Aunitzek Hego Euskal Herrikoen aurka borroka egiteari uko egin eta ihesari eman zioten. Frantziak, ordea, estatu espainiar eta frantsesen gerraren ondotik, Sara eta inguruko 4.000 biztanle Landetara erbesteratuz erantzun zuen eta horietatik 1.000 nola hil ziren ere kontatzen du pastoralak, tartean, Maddalen Larralde saratarra salbaiki erail zutela.