Nafarroa Zinema-Lurraldea film laburren lehiaketan parte hartuko du aurten ere Urdazubik

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 25a, 12:00

Irailaren 6an bukatuko da zazpigarren edizioa beteko duen lehiaketan parte hartzeko epea

Film laburrek antolakuntzak aitzinetik zehaztutako kokalekua izan beharko dute eta horietako bat Urdazubi izanen da.

Lehiaketa helburu bikoitzarekin antolatu dute. Alde batetik, Nafarroako turismoa sustatu nahi dute, fikzioaren eta zinema-formatuaren bidez eta bertzetik, Nafarroa filmatzeko plato gisa erabilia izan dadin bultzatu nahi dute, paisaia, kultura eta klima aldetik duen aniztasuna kontuan hartuta.

Bi atal izanen ditu lehiaketak. Lehenbizikoan, parte-hartzaileek gidoi proposamenak aurkeztuko beharko dituzte eta irailaren 6rako egin beharko dute. Gidoi horiek antolakuntzak dagoeneko zehaztuak dituen hamar herrietan kokatuak izanen dira: Urdazubin, Lizarran, Larragan, Martzilan, Fiteron, Iruñean, Erriberrin, Eguesibar bailaran, Vianan edo Zangotzan. Ez hori bakarrik, zehaztutako tokietan grabatzeko gidoiak izan beharko dute. Urdazubiren kasuan monasterioa, klaustroa, museoa, errota, lezeak, indianoen etxeak, ehun urteak beteak dituen haritza, ingurumena edota ibilbideak agertuko dira.

Lehiaketara aurkezten diren gidoien artean, epaimahaiak hamar aukeratuko ditu eta horiek izanen dira filmatzeko fasera pasako direnak. Gisa berean, bigarren fasera igarotzen diren hamar film horiek ALMA sindikatuko gidoilarien laguntza jasotzeko aukera izanen dute. Film laburrak, bukatuak, azaroaren 20rako aurkeztuko dira eta azaroaren 25etik abenduaren 1a bitarte ikusgai paratuko dituzte. Ondotik banatuko dituzte sariak. Lehenbiziko sarituak 2.500 euro jasoko ditu; bigarrenak 1.000 euro; argazkilaritza onenagatik 500 euroko bertze sari bat banatuko dute; publikoaren saria jasotzen duenak bertze horrenbertze jasoko du eta epaimahaiaren sari berezia duenak ere 500 euro hartuko ditu; antzezpen onenagatik bertze ehun euroko saria banatuko dute.

Film laburrek gehienez hamar minutuko iraupena izan beharko dute eta gaia librea izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun