Domingo Garat pastoralerako sartzeak salgai dira dagoeneko

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 22a, 09:04

Zuberoko Pagola herrikoek agorrilaren 31n Saran antzeztuko dute Domingo Garaten bizia kontatzen duen pastorala. Helduen sartzea 15 euro ordaindu beharko da eta 12 urtez beheitikoena urririk da.

Uztail hondarrean eta hilabete honen hasieran Pagola herrian (Zuberoa) egin bezala, Pagolako herritarrek agorrilaren 31n Saran antzeztuko dute Domingo Garat pastorala. Egun horretan, egun lagunetik goiti igoko dira pilota plaza berrian paratuko duten oholtzara. 15:30ean hasiko da ikusgarria eta dagoeneko sartzeak salgai paratu dituzte. www.terreetcotebasques.com atarian eros daitezke eta informazio gehiago nahi duenak Sarako Turismo Bulegoan edo harat deituta ukanen du (0033) 559 54 20 14.

Domingo Garat gogoan
Pastorala Frantxoa Casetek idatzi du eta Fabien Lechardoyk zuzendu. Domingo Garaten bizia kontatzen du eta aldi berean, euskaldunentzat samin handiko garai historikoa oroitarazten du. Luis XVI.a Frantziako erregeak Lapurdiko ordezkari izendatu zuen Domingo Garat eta Frantziako Iraultza denboran Euskal Herriaren alde egin zuen arren, horrek ez zuen iraultza oztopatu. 1989ko agorrilaren 4ko gauean, diputatuek aho batez bozkatu zuten pribilegio guztien ezeztatzea, nahiz eta Garat horren kontra agertu. Ipar Euskal Herrian jendea oldartu zen, baina frantses iraultzaileek Frantziaren aldeko lotura sendotzea lortu zuten eta iparraldeko euskal herritarrak Espainiaren kontrako gerran parte hartzea ere bai. Aunitzek Hego Euskal Herrikoen aurka borroka egitea ukatu eta ihesari eman zioten. Frantziak, ordea, estatu espainiar eta frantsesen gerraren ondotik, Sara eta inguruko 4.000 biztanle Landetara erbesteratuz erantzun zuen eta horietatik 1.000 nola hil ziren ere kontatzen du pastoralak, tartean, Maddalen Larralde saratarra salbaiki erail zutela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun