Egun osoko egitaraua prestatu dute Saran Kontrabandisten Egunerako

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 21a, 07:30
Joan den urtean Kontrabandisten Lasterketan atera ziren lasterkariak.

Igande honetan iraganen da eta arratsaldean 56. aldiz lasterketa eginen dute

Goizeaz sortzaileen azoka, pottoka gainean ibilbideak, trikitixa doinuak eta muxikoak izanen dira. Arratsaldean, berriz, aizkora saioa antolatu dute eta joaldunak harat-honat ibiliko dira. 17:00etan hasiko da haurren lasterketa eta ordubete beranduago helduena.

Bertze urte batez, egun osoko egitaraua prestatu du Sara Korrika elkarteak Kontrabandisten Lasterketaren karietara. Igande honetan ospatuko dute, agorrilak 25, eta goizean goizetik ez da animaziorik faltako. Sortzaileen merkatuaz gain, estangatarrak trikitixa doinuekin bazterrak alaitzen ariko dira. Pottokan ibili nahi duenak ere horretarako aukera izanen du eta 12:00etan muxikoak dantzatuko dituzte.

15:30ean larretxeatarrek aizkora saioa eskainiko dute eta joaldunak joareak astintzen ibiliko dira.

17:00etan 2008 eta 2013 urteen artean jaiotakoek lasterketa eginen dute, Kontrabandista Ttiki Lasterketa. 18:00etan, berriz, helduena hasiko da. Lasterkariek 8,4 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Sarako plazatik abiatuko dira eta 522 metrotara dagoen Zazpi Fago tontorra izanen da ibilbideko punturik altuena. Ohi bezala, lasterkariak galtza luze beltzekin eta kamiseta zuriarekin aterako dira eta lehenbiziko 1.500 metroetan gizonezkoek zortzi kiloko eta emakumezkoek lau kiloko zakua bizkarrean eraman beharko dute, Berako bidegurutzera bitarte.

Lasterketan ezin du edozeinek parte hartu, Sara inguruko herrietakoek baino ez: Ainhoa, Azkaine, Baigorri, Ezpeleta, Donibane Garazi, Hendaia, Sara, Senpere, Urruña, Bera, Elizondo, Etxalar, Hondarribia, Irun, Lesaka, Urdazubi, Luzaide eta Zugarramurdiko bina korrikalarik egin dezakete lasterketa.

Lasterketaren marka Fernando Etxegarai beratarrarena da. 2006an 38 minutu eta 36 segundotan osatu zuen ibilbidea. Ez hori bakarrik, zortzi aldiz irabazi du Etxegaraik lasterketa eta zerrendan hurrengoa Ramuntxo Lamothe saratarra da, bortz aldiz lortu du Kontrabandisten Lasterketa irabaztea.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun