«Hamabortz egunen buruan lezean egiten dugun zikiroa gogotsu hartzen dugu»

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 12a, 15:00
Zugarramurdiko Udaleko zinegotzia da Elena Apeztegia.

Elena APEZTEGIA GOIENETXE Zugarramurdiarra

Lanari beldurrik ez diotenen artean sar dezakegu Elena Apeztegia (Zugarramurdi, 1978). Gazterik jantzi zuen mandarra: «ikasi bitartean, asteburuetan herrian eta Ibardinen zerbitzatzen aritzen nintzen»; turistei jatekoa ematen batean, tokiak erakusten bertzean: «udan, Aste Santuan eta oporraldietan, berriz, Sarako lezean lan egin izan dut». Ikasketak akitu zituelarik, banketxe batean hasi zen eta «15 urtez» hortxe aritu da. Bitartean, ordea, «betiko gutiziari» tarte egiteko, «ikasten» aritu da: «irakaskuntza gustuko nuela iruditzen zitzaidan eta ikasketak egin nituen. Seaskan aukera sortu bezala horra jo nuen».

Lehendabiziko ikasturtea Kanboko ama-eskolan egin zuen. Hastapeneko bizipen goxoak ditu: «betidanik egindako lana izan balitz bezala aritu nintzen». Aurten bigarrena izan du eta Azkainen aritu da. Bertan segituko heldu den urtean.

«Herria mimatzea» helburu
Ogibideari lotutako lanaz haraindi, herriko auzolanetarako duen borondatea agerikoa da. Horren adierazgarri da, erraterako, berriki hartu duen zinegotzi kargua: «hasieran ezezkoa erran nuen, baina herri ttikia denez, norbaitek egin beharra duela pentsatu nuen. Gainera, emakumeak ere taldean nahi zituztela erran zidaten, ahotsa eman nahi zigutela. Azken argudio hori izan zen erabakian pisu handiena izan zuena».Argi dute bidea: «turismoari  emandako bultzada mantendu nahi dugu; baina gehiago garatu ordez, herria eta herritarrak mimatu nahi ditugu».

Udalean lehendabiziko agintaldia badu ere, elkarlana eta laguntza eskaintzea ez dira egiteko arrotzak Apeztegiarendako. Bertzeak bertze, Akelarre elkarteak kultur ekintzak eta bestak antolatzeko egin dituen bileretan parte hartu izan du. «Ama denetik» bileretara joaten ez bada ere, bere garaian hartutako ardurei eutsi die: «ardura batzuk pertsona jakinen gain utziak ditugu; nik, erraterako, gaiteroak deitzen ditut».

Apal mintzatu da, bere egitekoei zenbaitek egiten duten «lan handia» gainjarriz: «elkartean bada beti gainean dagoen jendea, mezuak zabaldu eta guztia lotua dela ziurtatzeko prest izaten dena». Elkarte ttikiek ere ekarpen handiak egin ditzaketela adierazten du Akelarrek: «guztion artean agorrilaren 18an 800 lagun ingururendako zikiroa antolatzen dugu. Bereziki zikiroko lanari esker ordaintzen ditugu bestetako jatekoa, edatekoa, musika...». Lortutakoa bestak antolatzeko izaki, «gustura» aritzen da lanean: «bestak maiteak ditut eta eguneko ekitaldi horiek ederrak dira».

«Orain, semea koskortu delarik, etxetik kanpoko otordu gehiago egin ahal izanen ditut»

Azken urteetan «etxeko ttikiaren loa, bazkariak, kuluxkak...» segitu behar izan ditu, eta ondorioz, «etxetik kanpo otordu gutiago» egin ditu.  Orain, semea koskortu zaionez, galdutakoa ere ospatzen saiatuko da: «ea pitinka askatasun hura berrartzen dudan», dio irriz. Gogo faltarik ez du. Areago, bestak pasatu gabe, besta ondokoak ere buruan ditu: «zikiroan lanean aritzen garenez, 15 egunen buruan herritarrendako zikiro jatea antolatzen dugu. Hiru belaunalditako herritarrak biltzen gara eta berriz ere txaranga, gaiteroak, dantzaldia... izaten ditugu». Aurten irailaren 1ean izanen da. Beraz, blusa eta musuzapia gordez, agurtuko du oporraldia eta liburuak besapean hartuz eginen dio ikasturteari ongietorria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun