Uztailaren 27an eginen da pottoka arrazako behoka eta behorren lehiaketa Saran

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 24a, 06:30

150 bat pottoka espero dituzte larunbatean Saran.

150 bat pottoka espero dituzte larunbatean

 

Euskal Herriko Pottoka Elkartea urteroko hitzordua prestatzen hasia da. Aldi honetan, uztailaren 27an eginen da pottoka arrazako behoka eta behorren lehiaketa Saran. Lehiaketara bi eta hiru urteko behokak aurkezten ahalko dira, baita 18 urte bitarteko behorrak ere, kumearekin edo gabe. Beti ere pottoka arrazakoak izan beharko dute; puruak baldin badira A izendapena hartzen dute eta nahasketa baldin badira B izendapena. 

Lau kategoria

Lau kategoriatan banatuko dute lehiaketa: alde batetik, bi urtekoen kategorian, mendiko pottokak, sorokoak eta B izendapena dutenak sarituko dituzte; gauza bera eginen dute 3 urteko behoka pottoken kasuan. Hirugarren kategorian, kumea duten behorrak sartuko dira eta sei sari banatuko dituzte: lau eta zazpi urte artean dituzten soroko, mendiko edo B mailako pottokak eta zortzi eta 18 urte artean dituztenekin gauza bera. Kumeak dituzten behorrek osatuko dute laugarren kategoria eta honetan hiru sari banatuko dituzte: 4 eta 18 urteko mendiko, soroko eta B mailako pottokei dagozkienak.

Antolatzaileek iragarri dutenez, 150 bat pottoka espero dituzte (kumeak kontatu gabe) eta egun horretan, lehiaketaz gain, behoka eta behorren erakustaldia antolatuko dute. 

Izen-ematea aitzinetik egin behar zen. Frantziako Zaldi eta Ekitazio Institutuaren barne daudenek uztailaren 19a baino lehen eman behar zuten izena eta ez daudenek uztailaren 16a aitzin. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun