Burdinaren Egunaren hamabigarren edizioa larunbat honetan Urdazubin

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 7a, 06:30

Bertze urte batez burdin mineralez kargatuta doazen idien garraio-erakustaldia eginen dute. Horrez gain, egun osoko egitaraua prestatu dute.

Antzina, Bizkaiko meatzeetatik monasteriora eramaten zuten burdin minerala, idi-gurdietan garraiatua, eta abadeari ematen zioten, urrezko txanpon batzuen truke. Hura gogoan izaten dute urtero Burdinaren Egunean eta halaxe izanen da aurten ere, hamabigarren urtez larunbat honetan, agorrilak 10. Horixe antzeztuko dute 12:00etan. Burdin mineralez kargatuak dauden orgak, idiek tiratuta, monasteriora ailegatuko dira. Olagizonek aztertuko dituzte eta abadeak benakeroei ordainduko die.

Burdina urrezko txanponengatik trukatzeko ekitaldia ez da eguneko bakarra izanen. 10:00etatik 14:00etara artisautza azoka eta haurrendako jokoak antolatu dituzte. 14:30ean, berriz, zikiro-jatea eginen dute eta bazkalondoan, 16:00etan Bankako Menditarrak taldearen emanaldia izanen da, baita mariatxi doinuak aditzeko aukera ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun