Iparraldeko udako pilota txapelketako finalak jokatzen hasiko dira asteburuan

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 4a, 07:30

Igandean Saran bote luzeko lehen mailako finala jokatuko dute

Iparraldeko Pilota Batzordeak antolatutako udako pilota txapelketako finalak uztailaren 6tik 27ra jokatuko dituzte. Igande goizean bote luzeko lehen mailakoa Saran eginen dute eta Hardoitarrak eta Luzean taldeak nor baino nor ariko dira. Euria egiten badu, uztailaren 10era gibelatuko dute partida.

Iparraldeko Pilota Batzordeak antolatutako udako pilota txapelketako finalak azken txanpan sartu dira. Larunbat honetan hasiko dira finalak jokatzen eta uztailaren 27an eginen dira hondarrekoak. Larunbat honetan, uztailak 6, Arberatzen esku huskako finalak eginen dituzte. 15:00etatik aitzinera, kadeteen B mailan, Abarratia eta Lau Herriko pilotariak ariko dira; juniorren B mailan Amikuze eta Goizeko Izarra taldeko pilotariak eta 3. mailan, Senpereko SPUC taldeko Olivier Sabaloue eta Ellande Jauregi Irisartarrak taldekoen kontra ariko dira.

Igande goizean, uztailak 7, 10:30ean hasita, bote luze modalitateko lehenbiziko mailako finala Saran jokatuko da. Hardoitarrak eta Luzean taldeak lehiatuko dira. Egun berean, esku huskako final gehiago jokatuko dira Hazparnen, 16:30etik aitzinera. Alde batetik, kadeteen A mailako finalean, Noizbait taldeko pilotariek Senpereko SPUC taldeko Patxi Lopez eta Iñaki Iratzoki izanen dituzte aurkari. Bertzetik, lehenbiziko mailako finalean, Zaharrer Segiko pilotariak Senpereko SPUC taldeko Thomas Dizabo eta Xabi Berreterbideren aurka ariko dira. Hala ere, euria egiten badu antolatzaileek bai Sarako partidak baita Hazparnekoak ere uztailaren 10era gibelatuko dituztela adierazi dute. Igande arratsaldea borobiltzeko, xistera handi modalitateko finalak jokatuko dituzte Donibane Garazin, 16:30ean. Kimuen kategorian Biarritzeko eta Luzean taldeak lehiatuko dira eta 2. mailan Olharroa eta Biarritzeko taldeak.

Ondoko asteetan gehiago

Ondoko asteetan segida izanen dute finalek. Eskualdeko taldeei dagokionez, uztailaren 9an, asteartea, bote luzeko kadeteen mailako finala jokatuko dute Sarako Izarra taldeko Eneko Mounho, Mathieu Pouyet, Xabi Larretxea, Julen Mariluz eta Xanti Sansiñenak Urrunarrak taldekoen kontra. 10:30ean hasiko da finala. Horrez gain, uztailaren 12an, esku huskako 2. mailako finalean, Sarako Izarra taldeak ordezkaritza izanen du. Donaixtirin 20:00etan jokatuko da partida eta Aritz Lekuona eta Daniel Calvet Airetik taldeko pilotarien aurka ariko dira.

Uztailaren 13an, bertzalde, joko garbiko hainbat final jokatzekoak dira eta gaztetxoetan, Senpereko Xan Hiriart Leizagoien, Iñaki Larretxea eta Clement Altzuri Noizbait taldeko pilotarien aurka ariko dira Donibane Lohizunen, 18:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun