Ederki iragan dira Senpereko bestak ereiaroaren 27tik uztailaren 2ra

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 3a, 14:00

Kontent agertu dira bai antolatzaileak eta bai bestazaleak ere

Bost egun iran dute Senpereko bestek, eta antolatzaileen erranetan «arras ongi iragan dira». Hasteko, besten bezperako mintzaldirat 65 behatzaile hurbildu ziren. Ortzilareko zikiroak, usaian bezala, berant arte iraun du, bainan aurten «gendarmak etorri dire bestaren burutzeko, eta legezko orena gainditua genuelakoan» gaztigatu du Romain Guilcou komiteko lehendakariak.

Larunbateko eta igandeko ekitaldiak ere arrakastatsuak izan dira. Larregiko Patrick kantaldian zen, eta ororen buru onetsi du Eneko Lamothe eta Julen Borthairen lehenbiziko kantaldia: «Polita zuan, alabainan. Hek berek idatzitako kantuak emaiten dituzte. Azken kantua emanta, behatzaileek esku-zartak jo zituzten bertze kantu bat eman zezaten, bainan bertze kanturik ez zuten, denak kantatua zituztelakotz!».

Asteleheneko egun pasaren ondotik, asteartean mundu bat bildu da pilota plazan, elkarteek antolatutako xokoan: xutik edo jarririk, jateko eta edateko onaz baliatu dute herritarrek. Lehen aldia zen elkarteek beren gain hartzen zutela besta egun hau, eta entsegua izigarri ongi erdietsi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun