«Behar berriak betetzeko asmoz osatu dugu egitaraua»

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 24a, 07:30
Romain Guiltcou.

Ikusirik azken urteotan geroz eta arrakasta gehiago dutela bestek, oinarrizko aktibitateak atxiki dituzte arduradunek. Teilariko Romain Guiltcou da elgar-lehendakaria Dylan Gastalekin, eta haren erranetan «galdera eta behar berriak betetzeko asmoz osatu dugu egitaraua. Hasteko Lapurdi 1609ko elkartea eta Mediatekarekin elgarlan egin dugu. Lehen aldikotz mintzaldi batekin idekiko ditugu bestak».

Izan ere, Senpere eta Lapurdiko Euskara XVIII. mendean bere liburua aurkeztuko du Lapurdi 1609ko Xabier Elosegik, Mediatekan. Berehalako itzulpena ere segurtatuko dute. Yannick Audot arduradunaren ustetan «entzulegoa zabaltzeko egiten dugu itzultzeko indarra». Luntxa eskainiko dute ondotik. Dena urririk.

Bertzalde, Guiltcouk zehaztu duenez, «ikastolako gurasoen elkartea hurbildu zaigu, oharturik eskuarazko jardun gehiago behar zirela, haurrendako ororen buru. Honenbertzez, Haurren Xokoa izanen da larunbatarekin, urririk. Jostagailu eta animazione ainitzez baliatu ahal izanen dute eskuaraz. Ez dezagun ahantz, herriko bi gazte, Eneko Lamothe eta Julen Borthaire  oholen gainerat upatuko direla lehen aldikotz igandean, haiek asmatutako kantuak emaiteko».

Ustegabeko aldaketaren egiterat behartuak izan dira antolatzaileak. Mattin Leriza etortzekoa zen igandeko kantaldirat, bainan azkenean ezin izanen du. Erramun Martikorenak ordezkatuko du. Azkenik, astearteko besta eguna herriko elkarte batzuk antolatuko dute, Kasetas etxolak ezarriz eta animatuz Zarikan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun