Hirugarrenez hartu du Sarak Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 10a, 07:38

Urruñako Irati Alcantarilla suertatu da txapeldun eta Zarauzko Aner Peritz ‘Euzkitze’ txapeldun orde

Euskal Herri osoko 13 parte-hartzaile elkartu ziren ekainaren 8an Sarako trinketean. Irati Alcantarilla Urdanpilleta da 2019ko Eskolartekoaren txapelduna eta Aner Peritz Manterola 'Euzkitze' txapeldunordea. Aitor Sarasuaren sendiaren izenean Maddi Sarasuak jantzi dio txapela txapeldunari. Argazkiak: Xenpelar Dokumentazio Zentroa

 

Euskal Herriko XXXI. Eskolartekoaren Txapelketaren bat-bateko finalean, Sarako trinketeko oholtza probatutakoak ziren batzuk; lehen aldia zuten, aldiz, bertze zenbaitek. Larunbatean 11:00etan hasi zen finala eta parte-hartzaileak igo ziren oholtzara: Arabatik, Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz, 2001) eta Aitor Ugarte Eriz (Aramaio, 2002); Baxenafarroatik, Ekhi Perrier (Anhauze, 2001) eta Unai Harluxet (Irisarri, 2002); Bizkaitik, Maite Sarasola Isazelaia (Deustu, 2001) eta Bittor Altube Sarrionandia (Abadiño, 2001); Gipuzkoatik, Aitor Tatiegi Loidi (Oñati, 2001) eta Aner Peritz Manterola ‘Euzkitze’ (Zarautz, 2002); Lapurditik, Naia Etxeberri Larzabal (Baiona, 2002) eta Irati Alcantarilla Urdanpilleta (Urruña, 2001); Nafarroatik, Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001) eta Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera, 2002); eta Zuberoatik, Leire Casamajou (Sohüta, 2002). Julene Etxeberri saratarrak jarri zizkien gaiak: ikasturtea gaindituko ez duela uste duen ikaslearen, itzaletik mugitu gabe dagoen soroslearen eta sare sozialak kritikatu baina Instagramen kontua ireki duen erabiltzailearen ahotik aritu ziren kantuan, bertzeak bertze.

 

Txapela, Aitor Sarasuari keinu eginez

Saio puntuagarriak bi atal izan zituen: lehenean agurra eta bi ofizio egokitu zitzaizkien parte hartzaileei. Ondotik, bigarren atalean, puntuazioz pasatako sei sailkatuek segitu zuten kantuan. Aitor Tatiegi, Aner Peritz "Euzkitze", Aroa Arrizubieta, Bittor Altube, Irati Alcantarrila eta Xabat Illarregi izan ziren.

Behin bukaerako agurra eginda, Joana Itzainak eman zuen epaimahaiaren erabakiaren berri. 2019ko Euskal Herriko Eskolartekoaren txapelduna Irati Alcantarrila da eta Aner Periz 'Euzkitze' txapeldunordea. Aitor Jimenez Tolosana, Amaia Otxotorena Gamio, Eneko Bidegain Aire, Joakin Arregi Goenaga, Julen Zelaieta Iriarte eta Mirari Azula Aurrekoetxea aritu ziren epaimahaian eta idazkari lanetan Nerea Goñi Begiristain.

Irabazleari Maddi Sarasua Laskaraik jantzi zion txapela, Aitor Sarasuari bertsolaritzari egindako ekarpen handiari esker onez eta Sarasua sendiaren izenean. Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakari izandakoa, elkarteko eragiletzan eta bertsu irakasle aritutakoa, belaunaldiz belaunaldiko transmisioan lan eskerga egindakoa izan da Aitor Sarasua.

Saioa bukatuta, Lur Berri aretoan elkarrekin bazkaltzeko aukera izan zuten, Iparra-Hegoako kideen eskutik.

Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dugu Eskolartekoaren bat-bateko txapelketa, eta zenbait erakunderen eta tokian tokiko hainbat eragileren laguntza ere izaten dute. Egitasmoa lurraldez lurralde gauzatzen da: guztira, 98 parte-hartzaile izan ditu, eta 13 saio finalaren aurretik.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun