«Larunbata berezia da, maiz ikusten ez dugun jendearekin biltzen garelako»

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 27a, 13:00

Ione Jauregi Arozarena, Urdazubiko besta batzordeko kidea da.

Ione JAUREGI AROZARENA, Urdazubiko besta batzordeko kidea

 

Lan egitea gustuko duen 28 urteko gazte «alaia eta burugogorra» da Ione Jauregi. Amaiurren sortu eta biziagatik, Urdazubiko jendearekin «lotura bizia» izan du betitik, areago, bertako erroak ditu: «nire ama bertakoa zen eta neure burua erdi amaiurtar eta erdi urdazubiartzat dut». Bi herriak maite ditu eta bateko eta bertzeko «familiarekin eta lagunekin biltzea» gustatzen zaio. Laster, herriko bestetan, urdazubiarrekin egoteko aukera izanen du, «egun berezi horiez gozatzera» joanen baita.  

Duela zortzi-hamar bat urte «ia astebururo» besta egiten zuen horietakoa bazen ere, Jauregik azken urteotan «egun seinalatuak» bakarrik baliatzen ditu bestarako: «Eguberriak, inauteriak, kinto bestak, feriak eta udan herrietako besta batzuk». Azken horien artean, Urdazubikoak bereziak dira berarendako, herrikoak izateaz gainera, «inguruko lehendabizikoak direnez gogotsu hartzen ditugulako eta guztiondako ekintzak daudelako».

 

Ardurak «banatu eta bete»

Bestetako ekitaldiak aitzinera ateratzeko egin behar izaten duten lana barrutik ezagutzen du herritarrak. Izan ere, besta batzordeko kide da aurten: «lauzpabortz laguneko batzordea arduratzen da antolatze-lanez eta talde hori urtero berritzen da». Hala, kideek urtean urteko ardurak banatu eta betetzen dituzte: «batzuk hornitzaileei deitzeaz arduratzen dira, bertzeak bankuko kontuez, kartelen diseinuaz…».

Batzordeaz harago, bilerak «gazte guztiak bilduta» egin ohi dituzte. Lehendabiziko bilkura «azaro aldera» egiten dute eta hortik aitzinera «ideiak botatzeari» ekiten diete. Bigarrena inauterien bueltan egin ohi dute eta hondarrekoa bestak baino hilabete lehenago, «txandak banatzeko».

 

Bilkura irekiak

Gaur egun, bileretan ´15-20 lagun inguruª elkartzen dira, ´duela urte batzuk anitzez gehiago izan ohi ginenª. Are gehiago, normalean ´jende gazteaª bildu ohi da, baina bilerak irekiak dira eta erran digunez, ´herritar guztien proposamenak entzuteko prestª daude. Proposamenak bildu ondotik, ´batzordeko kideok guttinaka programa osatzen dugu eta gainerako gazteei aurkeztu ohi dieguª.

Gazteen lanari eta ´Udalaren diru-laguntzari esker aitzinerat egiteko maneraª izaten dute. Dena dela, aurten, dirua lortzeko gogotik lan egin dute eta urtean zehar ekitaldiak antolatu dituzte: ´bi mus txapelketa eta bertso-afari bat antolatu ditugu. Diru pixka bat lortzeaz gainera, giro arras ona izan duguª.

 

Aurtengo aldaketak

Ereindako lanaren uzta jasotzeko prest daude dagoeneko, ´aldaketak onuragarriak gertatzen diren edo ezª ikusteko gogotsu. Hiru dira, zehazki, aurtengo egunetarako dakartzaten berrikuntzak: ´batetik, ortzirale goizean Gorriti eta animalien ordez ipuin-kontalariak izanen dituzte, baimen kontuengatik egin dugu aldaketa; bertzetik, zikiro-jate egunean Iruñeko Turrutxiki taldea izanen dute urteroko txarangaren partez; azkenik, igande arratsaldeko ahate-jokoen tartea frontenis finalak ordezkatuko du eta Menditarren emanaldia Puro Relajoren kontzertuakª. Ekitaldi horiei, ´jendearen ilusioa eta gogoaª gehitzea baino ez die eskatu nahi, ´orokorrean herriko bestetan izan ohi den ilusio hori, urteen joanean, itzaltzen ari dela iruditzen zait etaª. 

Irrika antzematen da bere hitzetan, herria maite duen adierazle. Eguneko hitzordu garrantzitsuak ederki zehaztuta ditu, bestak bizi dituen seinale: ´asteazkenean, bestei hasiera emateko, afaltzera joanen naiz; ortzegunean aperitifa antolatzen ariko naiz eta gauean paella-jatean izanen naiz.

Ortzirale arratsaldean nesken frontenis txapelketa ikusi, pintxoak jan, sagardoa dastatu eta kontzertuak ikusiko ditutª. Besta eta lana uztartuz ibiliko da: ´larunbatean zikiro-jaterako mahaiak prestatu eta mahai-inguru ederraz gozatuko dugu, maiz ikusten ez dugun jendearekin solasean aritzeko tartea hartuzª. Igandea, biharamunari aitzin egiteko eguna izaki, lasai hartuko du: ´mutilen frontenis partida ikusi eta plazan pintxoak banatzen ariko naiz, mariachiak aditu bidenabarª.

Antolakuntzan egoki, bestak ´ardura handiagozª biziko ditu Jauregik. Kezka nagusia ´ekitaldi guztiak ongi aterako ote direnª izanen du.

Baina, momentuz, beldurrak utzita, herritarrak ´itzuli bat egiteraª animatu nahi izan ditu: ´gustuko duten ekintza edo egun konkretu batean parte hartzera etortzeko deia egin nahi dietª.

 

Bestondoarekin ere lanera

Herritar guztiek gozamenerako baliatuko dituzten besten ondotik, lanak ez dira akitzen, eta besta batzordekoek hori gogoratu nahi izan dute: ´astelehen arratsaldean txukuntze- eta garbitze-lanakª egiteko gelditu ohi direnez, horretarako ere jendea animatu nahi lukete: ´denen artean gauzak errazago egiten direlakozª.

Gerora ere ´kontuak itxi eta balorazioak egitenª segi beharko dute. Baina bien bitartean ´badugu bertze ekitaldiren bat antolatzeko asmoa, aitzinerago zehaztuko duguª. Datorrenari helduz eta hanka ondokoan dutela ikusirik, ezin erran gazte hauek indarrak alperrik xahutzen dituztenik…

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun