«Adin batetik goiti, lana eta besta entrenatzen bazara soilik dira bateragarriak»

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 27a, 12:00

Zikiro eguna gogoko du Angel Larralde urdazubitarrak.

Angel Larralde, Urdazubiko gurasoa

Bertze edozein bezalakoa, «buruan ilea eta ahoan hortzak» dituen Urdazubiko gurasoa dela erran digu Angelek. Kirola du zaletasun, «gehienbat, pilota, bizikleta eta futbola, baita auto zaharrak ere». Umorez bizi du bizitza «umorerik gabe bizitza tristea eta grisa litzateke». Bestazale izana omen da:«gau eta egunez besta gelditu gabe egiten genuen», baina orain lana tarteko «arratsaldetan itzuli bat egin, afaldu eta etxera joaten naiz». Adinak ere ez omen du barkatzen, «gaztetan lana eta besta bateratu daitezke baina adin batetik goiti entrenatzen bazara soilik dira bateragarriak».  

Bestak bizitzeko modua

Bistakoa da, bere ustez, bestak bizitzeko moduan izaten den aldaketa. Haurra zela, «etxean pare bat egunez familiako bazkariak izaten genituen eta herrian lagunekin pilotan eta tiro-pitxonean ibiltzen nintze». Gazte garaian, berriz, besta zen nagusi: «gogoan dut arduraduna nintzelarik musika talde hoberenetako bat ekarri eta ez zuela nihorrek ostatuan lan egin nahi. Nik lan egin eta ez nuen disfrutatzerik izan». Orain berriz, plazan dantzan aritu beharrean «garagardoa eskutan, gibeletik begira» egoteko sasoia ailegatu omen zaio.

  

Giroan aldaketa

Aldaketa ez da beregan soilik gertatu: «giroa aunitz moteldu da eta polizia kontrolek eragin handia dute horretan. Musikan ez da aldaketa handiegirik baina lehen arratsaldetan dantza ekitaldiak izaten ziren eta horrek giroa sortzen zuen».

 

Parte-hartzea bultzatzeko

Bestei garai bateko txinparta emateko zerbait egitea beharrezkotzat jo du eta herritarrak dira bere ustez giltza: «herritarrak protagonista izanen diren ekitaldiak behar dira parte hartzea bultzatzeko. Frontenis edo pala txapelketak... erraterako eta dantzaldiak arratsaldetan. Horrela herritar gehiago animatuko lirateke bestara». Jatekoaren bueltan izaten diren ekitaldiek ere, arrakasta handia izaten omen dute: «ortzegun eguerdiko pintxo jatea eta gaueko paella, larunbateko zikiro jatea eta gaueko xingar jatea eta igandeko pintxo jatea Urdazubiko besten bereizgarriak dira». Eta horien artean ezin azpimarratu gabe utzi zikiro jatean biltzen den jendetza: «jende aunitz izaten da eta giro ederra sortzen da». Angelek gustukoen duen egunetako bat da zikiroarena eta horretaz gain, igande arratsaldean egiten den ekitaldia ere atsegin du: «azken urteetan Menditarrak etortzen dira».

Herriko besten ondotik, «egunerokoarekin segi eta lanera buelta», ez da bertze erremediorik. Hori bai, ahal dela aitzinetik bestarako tartetxo bat hartzera animatu ditu denak Angelek. Garai zaharrak gogoratu edo berriak gozatzera, baina denak bestara! 

 

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun