Espainiako Itzuliko 11. etapa Urdazubin bukatuko da

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 17a, 12:00
Espainiako Itzuliaren aurkezpena zela eta, jendetza bildu zen Urdazubiko Kultur Etxean.

180 kilometro inguru izanen ditu Donapaleun hasi eta Urdazubin bukatuko den etapak

Jende andana bildu da Espainiako Itzuliko antolakuntzak Urdazubin egin duen aurkezpenean. Urdazubiko Udalak, bere aldetik, aurkezpen horren harira aurreikusia zuen ekitaldi instituzionala bertan behera utzi behar izan du Hauteskunde-Batzordean aurkeztutako salaketa bat tarteko.

Irailaren 9an eginen da Urdazubin helmugaratuko den etapa. 180 bat kilometro izanen ditu eta bigarren eta hirugarren mailako hiru mendate pasatu beharko dituzte txirrindulariek. 2016an herri berean helmugaratu zen etapa hura ez bezala, aurtengoa Urdazubi herrigunean bukatuko da. Halaxe jakinarazi zuen Javier Guillen Espainiako Itzuliko zuzendari nagusiak ortzegunean Urdazubin egindako aurkezpenean. «Ibilbidea edozein dela ere, Urdazubi txirrindularitzarako puntu estrategikoa da», gaineratu zuen.

Aurkezpen horren barne, ekitaldi instituzionala iragarria zuen Urdazubiko Udalak. Santiago Villares alkateak, ordea, bertan behera utzi zutela jakinarazi zuen, Hauteskunde-Batzordeak hala eskatuta. Hauteskunde kanpainaren barne izanik, Geroa Baik salaketa aurkeztu zuen Hauteskunde-Batzordean eta Azkar taldea buru duen Udalak erabakiaren kontrako helegitea aurkeztu bazuen ere, erantzunik hartu ez zuenez, ekitaldia ez egitea erabaki zuen. Ekitaldian Santiago Villares alkateak eta Maitena Ezkutari Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak parte hartzekoa zuten. Hala ere, Espainiako Itzuliko antolakuntzak aurkezpenarekin aitzinera egin zuen.

Bertzalde, asteburu honetan bizikleten eta maillot historikoen inguruko erakusketa ikusgai izanen da Urdazubiko Kultur Etxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun