Hamargarrenean aio erranen du Sarako Usopop jaialdiak

Gurutze Pikabea 2019ko mai. 19a, 10:30
Duela bi urte egindako Usopop jaialdian musikazaleak Lizarietan. Elodie Grègoire eta Caroline Derselle

Maiatzaren 25ean eta 26an musikazaleen topaleku bilakatuko da Lizarietako gaina. Hamargarren urtez bertako eta kanpoko artistak gomitatu dituzte Usopop jaialdira eta bi egunez «estilo rockero eta folk kutsuko» musika taldeak.

 

Bereziak izan dira guztiak, eta berezia izanen da aurtengoa ere. Usopop jaialdiaren hamargarrena eta azkena izanen baita heldu den maiatzaren 25ean eta 26an Lizarietako lepoan eginen dena. Sarako Joanes Gartzia Basurko antolatzaileak dioenez, «kapitulu baten bukaera» izanen da, baina ez dute edozein gisara erran nahi aio; «handizki» itxi nahi dute hamar urteko ibilbidea eta neurri horretako egitaraua prestatu dute. 

Ametsetako festibala

«Sarako musikazale batzuen proiektua» izan zen Usopop, eta halaxe bihurtu zen egia «guretzat ametsetakoa zen festibala». Gartziak kontatu digunez, «Sigur Ros talde islandiarrak bere uhartean grabatu DVD bat ikusi eta Euskal Herrian egiteko gogoa piztu zitzaigun». Hasieratik garbi utzi zituzten bi helburuak: batetik, «musika usaiazko lekuetatik ateratzea ondare naturala eta historikoa berreskuratuz». Hala, Lizarietako edo Sarako usategiak izan dira «Usopopen ohantze». Eta bertze helburua «usaian gutiago aditzen diren euskal taldeak eta kanpoko talde berezi batzuk gure herri ttipira etorraraztea» izan da.

Ez dute ahantzia lehenbiziko aldi hura. «Pixka bat inkontzienteak» izan zirela dio saratarrak, baina «oroitzapen ezin hobeak» dituzte. Gehiago ere bai, hasmentako aurreikuspenak erraz gainditu zituzten: «gure artean zenbat jende etorriko zenaren parioak egin genituen. 100 eta 200 arteko zenbakiak aipatu genituen eta azkenean, 400 bat hurbildu ziren». Erantzunarekin «harriturik» gelditu ziren, are gehiago, «hastapeneko parte-hartzaileak ez genituelako ezagutzen».

Geroztik, 70 bat talde pasatu dira Usopop jaialditik eta «hainbat oroitzapen miresgarri» ditu Gartziak gordeak: «gure proiektuan garrantzia duen Anariren lehen kontzertua, fama hartzen ari zela eta gure ahalmenetik urrun zela Belakok adiskidetasunez errepikatu izana, Patxi eta biok ainitz maite dugun King Creosote artista eskoziarraren etorrera amets bat izan zen, Totorroren kontzertu energetikoa...». Urtetik urtera «eskaintza hobetzen saiatu» direla ere kontatu digu. Horren lekuko da jaialdiak izan duen bilakaera: «Usopop egun bateko ekimen bezala pentsatu genuen, plan finkorik gabe. Baina aski fite neguan bertze gaualdi baten egiteko gogoa piztu zitzaigun eta ondotik bi egunetara pasatzea». 

Duela bi urte erabaki zuten jaialdia bi egunetara luzatzea, «ez genuelako errutina batean sartu nahi eta gauza berriak proposatu nahi genituelako». Aitortu digunez, «proiektua gure gogoaren arabera moldatu dugu», baina publikoaz ahantzi gabe; jakitun baitira «publikoa ongi sentitzeak» duen garrantziaz. «Horretarako, guk ongi pasatzen badugu eta egiten dugunean sinesten badugu Usopopera heldu den edonork gauza bera sentituko duela sinesten dugu». Bi egunetara pasatzeak «bertze talde batzuk eta giroa proposatzea baimendu» duela gaineratu digu saratarrak, baina aldi berean, «gu bezalako elkarte ttipi batentzat lan-zama nahiko astuna» izan dela.

Diskoak argitaratzen ere bai

Zortzi-hamar laguneko lantaldea dago Usopop festibalaren gibelean, «bakoitza bere arloan» ari dena: «batzuk programazio eta komunikazioan ari gara, bertze batzuk apainketan, batzuk ostatuetan, bertze batzuk haurren xokoaren antolaketan...». Eurekin batera, «lagun eta senideen laguntza» azpimarratu du Gartziak: «familia handi bat gara».

 

«Sekulan etorri ez bazarete hauxe duzue azken aukera»

Joanes GARTZIA BASURKO

Irail bukaeran edo urri hastapenean hasi ziren jaialdia antolatzen, nahiz eta «beti gure buruaren xoko batean» izan kontua. Eta finantzazio aldetik, «aski zuhurra» izaten dutela dio umoretsu. Hastapenean, jaialdia aitzinera ateratzeko, «partaide bakoitzak bere ahalmenaren araberako diru-ekarpena egin zuen» eta gisa honetara «pixkanaka aitzinera» egin dute. «Gaur egun buxetaren %80a autofinantzatua da». Euskal Kultur Erakundearen laguntza ere azpimarratu du, «hastapenetik konfiantza eman digu». Eta horrez gain, «azken urteotan mezenasgo pixka bat lortu dugu».

Hamar urteko ibilbidean ez dira kontzertuetara mugatu. Eta horren adibide dira hainbat artistari diskoak argitaratzeko emandako laguntza: Paxkal Irigoienen Kontsumo Produkto lana, Aguxtin Alkhaten Ihes Egin, Orbel laukotearen Beyond There, Unama taldearen Iduzki Xuria... «Usopopen hainbat mutazioren artean, disko ekoizle bihurtu gara. Hasieran Aguxtin Alkhatekin adiskidetasunez, eta gero gure eskualdeko gazteei esku kolpe bat emateko gogoarekin», dio saratarrak. Ez omen dute disko ekoizle bilakatzeko asmorik, «baina lagunen proiektuak sustatzeko gogoa bai».

Aurtengoarekin aio erranen badute ere, ez dute geldirik egoteko asmorik. «Elkarrekin zerbait egiten» eta «Saran kultura sustatzen» segitu nahi dute. Ez dute oraindik  zer eginen duten zehaztu, baina «ez dugu deus ere baztertzen; gure gogoak eta ametsek bidea erakutsiko digute». Gernikako Astra, Oñatiko Eltzia eta Alemaniako kultur-gune autogestionatuek «erakarri» egiten dietela azaldu du.

Azken aukera

Gero gerokoak. Orain,  aurtengo hitzorduan jarria dute begia. «Harro» daude osatu dute programazioarekin, «bi egunetan guretzat garrantzitsuak diren artistak etorriko direlako». Bertako eta kanpoko artistak gomitatu dituzte, tartean, euskal herritarrak, ingelesak, irlandarrak, kanadarrak... «Batzuk zinez miresten ditugu eta ohorea da etortzea». Giro aldetik, berriz, «larunbatekoa rockeroagoa eta igandekoa folk kutsukoa» prestatu dute. Ez hori bakarrik. Aurten, estreinakoz, bizikletaz Lizarietako lepora 5,26 kilometroko igoera antolatu dute igandean, maiatzak 26. 11:00etan hasiko da eta parte hartzeko kronoeskaladak.net atarian izena eman beharko da. Nafar Erresumako Kronoeskaladak igoeren baitan, bortz proba (Lizarietan, Otsondon, Izpegin, Ibañetan eta Larrainen) eta finala (urrian Ibardinen) egitekoak dira eta horietan lehenbizikoa izanen da Lizarietakoa.

Aukera zabala, beraz, Lizarietan maiatzeko hondar asteburuan: larunbat eta igande arratsaldean musika nahieran, eta igande goizean kirolerako tartea. «Sekulan etorri ez bazarete, hauxe duzue azken aukera. Ez hutsik egin, ez zarete damutuko». Egia bilakatutako ametsak gogoan, «aurten ere une liluragarriak sortuko direla» segur da saratarra.

 

EGITARAUA

Bi egunetarako egitarau oparoa prestatu dute, antolatzaileen arabera, larunbatean «giro rockeroagoa» eta igandean «folk kutsukoa».

Maiatzak 25

  • 17:00etatik aitzinera kontzertuak: Asile Club poesia musikatua, Efrim Manuel Menuck musika independentea, Joseba Irazoki eta lagunak Berako taldea, Lisabö bidasoar taldea eta Lysistrata rocka egiten duen hirukote gaztea. Horiez gainera, Indezents eta Martial Jesus Total Heaven DJak eta Los Chimberos karaokea izanen dira.

Maiatzak 26

  • 11:00etan Lizarietako kronoeskalada, bizikletaz. 5,26 kilometroko proba. Izen-ematea: www.kronoeskaladak.net atarian.
  • 14:30etik aitzinera kontzertuak: Anari 20 urtez euskal musikagintzan leku berezia lortu duena, Lynched Dublingo laukotea, Madeleine post-rock estiloko musika egiten duen laukote donostiarra eta  This is the kit Kate Stables artista ingelesaren proiektua. Solar Sound System eta A Side B System DJak ere ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun