Herri Haitada larunbat honetan eginen dute Ainhoan

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 15a, 14:00
Hainbat proba egin beharko dituzte Ainhoan sei herritako ordezkariek.

Bera, Etxalar, Ainhoa, Urdazubi, Zugarramurdi eta Sarako herritarren hitzordua 

Bera, Etxalar, Ainhoa, Urdazubi, Zugarramurdi eta Sarako herritarren hitzordu handia bilakatu den Herri Haitada aurten Ainhoan eginen da, larunbat honetan, hilak 18.

Usaian bezala, egun osoko egitaraua prestatu dute. 08:15ean ongi-etorria eginen dute eta 08:45ean probei hasiera emanen diete. Guztira hamabi probatan lehiatuko dira: 08:45tik 12:30era boteluzean ariko dira (bortz pilotari eta ordezkari bat, sei partida eta finala jokatuko dituzte); 09:00etatik 10:00etara mendi bizikleta lasterketa eginen dute (talde bakoitzean zortzi lasterkari eta guztira 9,2 kilometro); 10:30etik 11:30era lasterka ibiliko dira (zortzi lasterkari erreleboka, 8,6 kilometro egiteko); 12:30etik 13:00etara bertsolarien txanda izanen da (bertsolari bakoitzak agurra eta bi ariketa puntuagarri); 13:00etatik 13:30era boteluzeko finala jokatuko dute eta 13:30etik 16:30era mus txapelketa eginen dute (herri bakoitzeko bi partaide). 14:00etatik 17:00etara herri-kiroletan lehiatuko dira (sokatira, arpana, orga eta egur pila) eta 15:15ean hasita bi orduz sukaldaritza proba eginen dute (bi parte-hartzaile herri bakoitzetik). 17:30etik 18:30era euskal dantzetan ariko dira (gutienez bi laguneko taldea eta bi dantza) eta 18:30ean, sei herriei buruzko galderak eginen dituzten proba eginen dute, Kultur Quizz (herri bakoitzeko hiru lagun). 19:15ean emaitzak emanen dituzte eta 19:15etik goiti afaria eta kontzertuak izanen dira.

Puntu gehien bildu dituen herriak irabaziko du norgehiagoka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun