Milaka lagunek Ipar Euskal Herriko ikastolei elkartasuna adierazi diete

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 13a, 07:28
Milaka euskaltzale bildu ziren maiatzaren 12an Senperen.

Milaka euskaltzalek bat egin zuten maiatzaren 12an Senperen LK lelopean ospatu zuten Herri Urratsen 36. edizioan. Manex Erdozainzi Etxart Kolegioa eta Bernat Etxepare Lizeoa berritzeko erabiliko dute lortutako dirua. 

10:00etan egin zuten irekiera ekitaldia eta Paxkal Indok, Seaskako presidenteak, Frantziako Hezkuntza Departamentuaren erantzuna behar dutela gogorarazi zuen. Era berean, «irakasleen auzia konpontzeko borrokan» segiko dutela adierazi zuen. Izan ere, Seaskak 30 irakasle eskatu dizkio eta hezkuntzak 5 baino ez dizkie agindu.

Seaskaren arabera, «gero eta behar handiagoa» dago Iparraldeko ikastoletan. Heldu den ikasturtean 200 ikasle gehiago izanen dituzte eta konponbidea lortu arte ez dute amore emanen. Adierazi dutenez, Seaskak dituen 50 urteotan borroka egin dute eta «borrokan segiko dugu».

Adierazpen horien ondotik lehertu zen besta. Haurrek, gazteek eta helduek, eguraldi ederra lagun, kontzertu, ikuskizun, jolasez gozatu zuten. Bertaratu ziren euskaltzaleek ikastolen indarra ageriko egin zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun