Urdazubiko eta Pobeñako gazteen arteko elkartrukea sustatu nahi dute

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 25a, 06:30

Burdinaren bidez aspaldiko harremana izan dute Urdazubik eta Bizkaiko herri hauek.

18 eta 20 urte arteko gazteei zuzendua, euskara eta burdina oinarri duela 

Burdina dela medio, mendeetako harremana izan du Urdazubik Bizkaiko Muskiz eta Pobeña herriekin. Bizkaian ateratzen zen minerala itsasoz ekartzen zuten Lapurdira eta Urdazuri ibaian goiti eta idiek bultzatutako gurdiekin ekartzen zuten Salbatore monastegira, burdinoletan erabiltzeko. Azken urteetan, Burdinaren Egunean irudikatu dute antzinako bidaia hori. 

Orain, Muskiz eta Pobeñako alkateek herrien arteko harreman horretan sakondu nahi izan dute eta Urdazubiko gazteekin elkartruke jardunaldiak egin nahi dituzte. 18 eta 20 urte arteko gazteei zuzendutako elkartrukea litzateke, euskara eta burdina oinarri duena. Lehenik, Urdazubiko 5-6 gaztek Pobeña bisitatzea proposatu dute eta gero, Burdinaren Egunaren karietara, bizkaitarrak Urdazubira etortzea. Urdazubiko Udalak gazteak animatu nahi ditu elkartrukean parte hartzera. Elkartrukeko gastuak (ostatu-hartzea, otorduak eta garraioak, bertzeak bertze) Petronor enpresak ordainduko ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun