Suntsiketa
1813ko ekainaren 21ean Gasteizko gudaldian Wellingtonen tropek Napoleonen armada desegin zutenez geroztik, Pirinioak gurutzatu eta gibelerako bidean soldaduek herri ugaritan arpilatzeak egin zituzten, hala nola Lekornen, Senperen, Donibane Garazin, Arrangoitzen, Uztaritzen, Ezpeletan, Bastidan zein Amikuzeko herrietan. Saran bertan, 167 etxetik 23 etxe eta 4 borda erre zituzten, bertze 35 etxetan kabalak lapurtu zituzten eta 105 etxetan altzariak suntsitu. Bertze toki batzuetan derrigor atzeman zituzten itzainak eta soldadutarako jendea.
Datu horiek guztiak oroitarriaren ondoan paratutako informazio panelean egonen dira agerian, Europako inperioen arteko gatazkaren erdian euskal herritar xumeek jasandako kalteen erakusgarri. Gudu eta sarraskitze horiek elikadura eskasia, eta «jende ahulenen, haurren eta adinekoen heriotza» ekarri baitzuten. 1813 eta 1814 artean, ohi baina 5.800 hildako gehiago zenbatu zituzten lurraldeotan.
«Ondoan duzun oroitarria Euskal Populuak azal eta hezurretan jasan duenaren lekuko izan dadila», dio informazio panelak. Modu honetan, Lapurdi 1609 elkarteak «gure herriko historia idazteko» bertze urrats bat eman nahi du, joan den urtean Lehen Mundu Gerraren amaiera zela-eta bertzelako kontakizun bat azaltzeko antolatutako ekitaldiarekin egin bezala.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!