Apirilaren 22an, 10:00etan abiatuko da Biltzarra. Ikasleek hartuko dute hitza eta 'Beste nonbaiteko haurrak' gaiaren inguruan ariko dira solasean. Segidan, Gadji lanaren kamishibai aurkezpena eginen dute Oztibarreko ikastolako kideek eta ZTK argitaletxeko Virginie Hervieuk.
10:30ean, 1813/1814 Euskal Herria suntsitua liburua aurkeztuko du Mixel Mendiburuk. Liburua berriz argitaratu dute 30 orrialde gehituz eta biltzarra baliatuta liburuarekin lotura zuzena duen oroitarri bat jartzeko probestuko dute. Lapurdi 1609 elkartearen eta Herriko Etxearen arteko elkarlanaren emaitza da 1813-1814. Euskal Herria Napoleonen tropengatik suntsitua izenburupean estreinatuko duten oroitarria. 12:30ean Suharriaga parkean inauguratuko dute eta ekitaldian Zazpiak bat dantza taldeko kideek, Anje Duhaldek eta bertsolariek parte hartuko dute.
10:45ean Abbadiako Nekatoenea egoitzan antolatu idazle egonaldiaren aurkezpena eginen dute Aintzane Lasarte eta Iñaki Martiarenak. Liburu aurkezpenak egun guztian zehar izanen dira: bertzeak bertze, Ainhize Madariaga Muthularren Komunitatea hats-bahiturik, Severine Dabadie eta Itxaro Bordaren Poema bat da herri hau lan elebiduna, Juan Carlos Etxegoienen Etxera bidean eta Asisko Urmenetaren Aztihitza, Xahoren Biografikoa lanarenak. Euskaltzaindiak ere azken argitalpenen berri emanen du: Euskara batua eta Ipar Euskal Herria 1964 -2018, Janpierra lexardoarteren bizitzea edo basabürüaren trajeria lana azalduko du Jakes Sarrailletek eta Le Dauphin : 1757ko gutuneriari buruzko osagarriak eta gogoetak «Othoi çato etchera» Xabier Elosegik.16:00etan Afoniak performantza artistiko eta literarioa eskainiko dute Xavier Erkizia, Arantxa Iturbe eta Lucas Rullok.
Berrikuntza: profesionalei zuzendutako eguna
Apirilaren 23an, 09:00etan irekiko dituzte azokako ateak eta 09:30ean lehenbiziko mintzaldia hasiko da: XXI. mendeko euskal literatura izanen du hizpide Itziar Madina idazle, irakasle eta euskal ikasketetan doktoreak.
11:00etan Euskal Idazleen Elkartearen aurkezpena eginen dute. Garbiñe Ubeda elkarteko lehendakariak taldea zergatik sortu zuten azalduko du, baita zer eskaintzen duten ere. Peru Iparragirre poeta eta literatur kritikaria idazle izateaz ariko da. 11:45ean trukerako aukera izanen da.
12:45ean antolatzaileek bazkaria eskainiko dute eta 14:30ean Kiribil Konpainiaren eskutik, literatura, musika eta olerkia uztartzen dituen Odisea ikusgarria izanen da.
15:30ean, Irakurketa euskaraz nola sustatu? mahai-ingurua eginen dute. Pantxika Maitiak gidatuko du eta Lierni Arizaga kazetaria eta irakurketa talde baten sortzaileak, Maider Bedaxagar artista eta liburuzainak, Peio D'Uhalt editoreak, Lucien Etxezarreta idazle eta editoreak eta Gilles Riviere liburuzainak parte hartuko dute.