Bi lasterketa antolatu dituzte asteburuan Sara Korrikaren 20. urteurrena borobiltzeko

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 28a, 08:00

Larunbatean taldekako lasterketa antolatu dute eta igandean banakakoa.

Sara Korrika taldearen 20. urteurrena dela eta, aurten bi lasterketa antolatu dituzte Saran. Alde batetik, larunbat honetan, martxoak 30, Sktrio deitu duten hirunakako lasterketa eginen dute estreinakoz. 12:00etan abiatuko da lasterketa eta taldeko bakoitzak hamar bat kilometro egin beharko ditu. Sari banaketa, berriz, 19:00etan eginen dute eta eguna borobiltzeko 20:00etan afaria eginen dute.

Bertzetik, biharamunean, hilak 31, 22 kilometro eta 1.600 metroko malda dituen lasterketaren eguna izanen da. 14. edizioa beteko du aurtengo lasterketak. 07:30ean dortsalak banatuko dituzte eta lasterketa 09:00etan hasiko da herriko plazatik. Lehenbiziko lasterkariak 10:45 aldera ailegatuko direla aurreikusi dute antolatzaileek. 13:00etan sari banaketa eginen dute eta zozketak ere eginen dituzte. Jatekoa eta edatekoa nahi duenak horretarako aukera izanen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun