X. Lezeen Eguna martxoaren 24rako antolatu du Lurpea elkarteak

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 20a, 12:00
Ezker eskuin, Ekainberri, Zugarramurdi, Urdazubi, Pozalagua, Arrikrutz eta Mendukiloko ordezkariak.

Euskal Herriko Elkarteko zortzi kobazuloetan 445.000 bisita jaso zituzten iaz, gehien Zugarramurdin (128.000) eta Saran (120.000) 

Lurpea taldeak X. Lezeen Eguna heldu den martxoaren 24an ospatuko du. Igande honetan, elkartea osatzen duten leze guztiek bisita bereziak, erakustaldiak, zozketak eta beherapenak eskainiko dituzte. Ekitaldi honen aurkezpenean, martxoaren 14an egin zuten Atarrabiako pilategian. Lurpea taldeko sei lezeen ordezkariek parte harte zuten, tartean Urdazubiko Ikaburuako Goio Hualde eta Zugarramurdiko lezeko Ainhoa Agirrek.

Elkarterako 2019 data berezia da, lehenbiziko Lezeen Eguna ospatu zenetik hamarkada pasatu baita. Urteurrenaren garrantzia azpimarratzeko, aurkezpen honetarako luxuzko gonbidatua izan zuten: EHUko Geologiako doktorea Arantza Aranburuk bideo baten bitartez parte hartu zuen. Lezeekin ikusteko duten ikerketa proiektu anitzen sartuta dagoen doktoreak nabarmendu zuenez, «gure inguruan 6.000 kobatik gora ezagutzen ditugu, espeleologo talde ezberdinek egindako lanari esker». EHUko ikerketa taldea 20 bat aztertzen ari da gaur egun.

Adituaren arabera, leze hauek duten garrantzia beraien baitan gordetako informazioan datza, ikuspuntu ezberdinetatik analizatzen ahal dena. Paleontologikoa, adibidez, kobazulo horietan bizitako animaliak utzitako informazioa. Edo arkeologikoa (iraganeko eta oraingo gizakiok uzten dugun arrastoa), baita geologikoa ere, leze guztiak uraren eraginez sortuak izan direlako. 

«Koba barruko tenperatura jakinda, kanpoko tenperatura nola aldatzen joan den jakin dezakegu»ziurtatu zuen Aranburuk. Estalagmitek (doktoreak «iraganeko kutxa beltzak» izendatu zituen) erregistro onak ematen dituzte: euri prezipitazioa nola izan den, kobako tenperatura nola aldatu den, karbonoaren arabera, kanpoan zein begetazio mota egon den, etabar… «Oso garrantzitsua da hori jakitea: iraganean gertatu den klima aldaketa ezberdinek zer erregistro eta zer erantzun mota izan duten, guk gaur egun pairatzen eta eragiten ari garen klima aldaketa honek etorkizunean nola gauzatuko den, zein aldaketa gertatuko diren ulertzeko eta aurreikusteko», ondorioztatu zuen Aranburuk.

 

Iaz 445.000 bisita

Lezeen Egunak sasoiaren hasiera adierazten du, 2018an emaitza hauek lortu ziren: 

  • Arrikrutz:
  • 17.000 bisita
  • Ekainberri:
  • 37.000 bisita
  • Mendukilo:
  • 32.000 bisita
  • Sara:
  • 120.000 bisita
  • Pozalagua:
  • 36.000 bisita
  • Isturitze:
  • 40.000 bisita
  • Urdazubi:
  • 35:000 bisita
  • Zugarramurdi:
  • 128.000 bisita

OROTARA: 445.000 bisita

  

Martxoaren 24ko egitaraua Saran, Urdazubin eta Zugarramurdin

 

SARA

Historiaurrea, ohiturak eta kondairak elkartzen diren lekua Euskal Herriko leku ospetsua izanez, anitz euskal ipuin eta kondaira Sarako leizean kokatzen dira, segur aski historiaurretik gaur egun arte, oraindik bizirik daudenak. 

Bisitaldian zehar, zeharkatuko duzue sarrerako atari harrigarria, bihurgune handian gora joango zarete, historiaurreko bizileku gunerantz, Euskaldunen Jatorriaren eta Mitologiaren bila. Iniziazio-bidaia bat, argi-soinu batez apaindua, oso ikusgarria eta emozioz betea, Joxe Miguel Barandiaran antropologo ospetsuaren ikerlanetan oinarritua.

Sarako Leizeetan, lurraren barna sakonetan, bisitariek duela milaka urte hasi eta irauten duen abentura baten oihartzuna entzuten ahalko dute. Xedea ez da geologia edo historia klase bat entzutea, eta ez argi eta soinuzko bisita sinple bat egitea, baizik eta Natura eta Kultura, Norbanakoa eta Gizartearen arteko etengabeko lotura hori ulertzea...

Bisita hau, gogaidetasun eta emozioz batea den momentu bat da eta hortik ateratzean, ttipi eta handiei Euskal Herrian zehar ibiltzeko gogoa piztuko zaie, bertan ezagututakoari luzapen bat emateko. Martxoaren 24an Sarako koben sarreretan 2x1 promozioa egingo da.

Telf: 00 33 559 542 188 | www.sarakolezeak.com

 

URDAZUBI

Nafarroako iparraldeko Urdazubiko herrian altxaturik daude koba hauek, zelai eta mendixka berdeen pean, kostaldetik kilometro gutxira. Bisita gidatu batek estalagmita eta estalaktitaz betetako mundu batean murgilduko zaitu, antzinako pertsonai, kondaira eta kontrabandozko istorioz betetako mundu magiko batean alegia.

Urdazubin aurten, beste jarduera berezi bat egingo dugu: herriko bisita gidatu bat proposatzen dugu, non irekiko dugun gure errota zaharra.

948 599 241 edo info@cuevasurdax.com erreserbatzeko. 

Urdazubiko bisita gidaturako sarreren prezioko % 50en deskontuaz gain, herriko bisita gidatua martxoaren 18eko 13:30etan izango da (doakoa), Ikaburuko haitzuloetan erreserbatu.

  

ZUGARRAMURDI

Zugarramurdiko mendebaldean, herrigunetik kilometro erdi baina gutxiagora, azaleko egitura karstiko ikusgarri bat aurkitu dezakegu:  «Sorginen Lezea». Kobazulo nagusiena “Infernuko errekak”, gaur egun emaritsu jarraitzen duen urlasterrak, sortua da. Tunel natural honen goiko partean, kobazulo nagusiak duen orientazio bereko bi galeri ttiki ere bisita daitezke.

Sorginen Lezearen izena bertako kobazuloetan antzinan egiten ziren ospakizun paganoengandik heldu da; Izan ere, 1608 eta 1614 bitarteko Inkisizio Prozesuan, Zugarramurdin gauzatzen ziren bilkurak sorgin sekta bat bazegoela frogatzeko aurkeztu ziren. Hain zuzen ere, On Juan del Valle Alvarado inkisidorearen bisitarekin, 1609. urtean, akelarrei buruz solastatzen hasten da. 

Baina hitz honen erranahia deabruarekin bilkurak edo sorgin gaiztoen bestatik urrun da. Akelarre edo Zugarramurdiko Lezeari buruz mintzatzea besta, kultura, herri baten identitatea edo folkloreari buruz solastatzea da. Horregatik, Lezeen Egunaren X. ediziorako giro hau berreskuratuko dugu. Berako Abesbatzak musika tradizionala eta euskal kanta herrikoiak eskeiniko digu kontzertu ibiltari batean, Lezeko eszenatoki xarmangarrienetan garatuko dena. Kontzertu honetarako sarrera Lezekoan barne izanen da. 

Bertze aldetik, Lezea Zugarramurdiko historiarekin hain lotuta dagoenez, honako galderari erantzuna aurkitzen saiatuko  gara: Nolakoa izanen zen herri honen historia, bertan Lezea ez bazen existitu? Zalantzarik gabe, dena ezberdina izanen litzateke… Hausnarketa honi helduz, Sorgin batek, Zugarramurdiko toki adierazgarrienak erakutsiko ditu, herriko historia azalduz, kondaira zaharrak erranez, eta herriko pertsonai ezagunen pasarteak deskribatuz ... hauxe dena bisita gidatu dinamiko eta parte hartzaile baten bidez, publiko guztiendako, noski! Bisita honetarako txartelak Sorginen Museoan salgai izanen dira; helduak: 5€ eta 6 eta 12 urte bitarteko haurrak: 3€.  Erreserbatzeko: Telf: 948 599 305 | www.turismozugarramurdi.com

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun