«Lesbosen egindako egonaldiek bihotza ireki didate»

Nerea Bazterrika Loiarte 2019ko mar. 9a, 10:00
Marifa Irazoki, siriar errefuxiatu batekin.

MARIFA IRAZOKI DENDARIETA zugarramurdiar boluntarioa

Bigarren urtez segidan, Greziako errefuxiatuak laguntzen izan da Marifa Irazoki. Bertako errefuxiatuek pairatzen duten egoera latzaz eta hortik ateratako ikasbideaz mintzatu da

 

Eman bezainbertze jaso eta irakatsi bezainbertze ikasteko izan dira Marifa Irazokirentzat Lesboseko (Grezia) Moria kanpamenduan errefuxiatuekin egin dituen egonaldiak. Joan den urtean herritar batekin izan zen, aurten, berriz, kusin batekin eta heldu den urtean ere itzuliko dela argi du: «nire oporrak horiek izanen dira, han egun bakoitza bidaia bat baita».

Errefuxiatuak laguntzen izan zara. Kontaiguzu.  
Urtarrilaren 7tik 30era bitarte Lesbosen egon nintzen, kusin batekin, Joxe Arburuarekin. Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) batekin, Refugees4Refugees, joan ginen, bertako errefuxiatuak laguntzeko asmoz. Gu olive grove deritzoten gunean daudenak laguntzen aritu ginen. Gune horretara ailegatu berri diren errefuxiatuak bidaltzen dituzte, Moriako kanpamentua leporaino beteta dagoelako.

Zein izan ziren zuen egitekoak?
Gisa guztietako lanak egin genituen: Moriatik arropak garraiatu, neurriaren arabera sailkatu eta errefuxiatuei banatu; han eta hemen garbiketa lanetan aritu ginen; haurrekin egon... Izan ere, Moriako kanpamendukoek ez bezala, olive groveko haurrek ez dute eskolarik eta han ginenok halako lanak ere egin behar izaten genituen: irakasten eta haiengandik ikasten, jostatzen eta hezten aritu ginen, ahal izan genuen heinean, elkar errespetatzearen garrantzia ere ikusarazi nahi izan genien. Berez hondartza garbitzeko asmoa ere bagenuen baina hilabete osoan egun bakarrean izan genuen eguraldi ona...

Gaur egun zenbat errefuxiatu daude Lesbosen?
Gobernuak Moriako kanpamenduan eta olive groven 6.700 inguru daudela erraten du, baina aise gehiago dira. Egia da familia aunitz Atenasera bidali dituztela... Hori baliatzen dute guttiago direla errateko, baina han ere lepo daude. Gainera, ateratakoak kontatzen dituzte, ailegatu direnez ez dute deus aipatzen... Areago, tokia bera 3.000 lagunendako prestatua da eta ia 7.000 daude. Gehienak siriarrak eta Afganistanekoak dira, beraien herrietan deus ez dagoelako jo dutenak. Haiek, noski, ez dakite zer topatuko duten, engainatuta joan ohi dira. Turkian lana bilatu dietela eta hegazkineko txartela ordaindu dietela erraten diete eta hara ailegatu eta pasaportea uzten dutenean ez zaie inor agertzen, pasaporte gabe gelditzen dira, deus gabe... Orain arte etortzen ziren familiak dirua bazuten, mafiei ordain ziezaieketen... Orain, berriz, dirurik ez dutenez, guraso aunitzek haurrak bidaltzen dituzte. Han nintzela ailegatu zen azken txalupan 39 lagun etorri ziren, horietako 19 haurrak ziren eta gurasorik gabe zetozen.

Zein da bertako errefuxiatuek bizi duten egoera?
Ez dira bizi... Animaliak bezala dituzte, kanpamenduetan sartu eta esperoan: paperak egiteko esperoan, janaria emateko esperoan, arropa emateko esperoan, zerbait erosteko esperoan... Beti esperoan daudenez pazientzia finitzen zaie eta erotu egiten dira... Egoera latzak bizi dituzte: bortxaketak eta engainuak. Emakumezko aunitz bortxatzen dituzte, gau baten truk paperak eskuratuko dizkietela erranez... Ez emakumezkoak bakarrik, familiak ere suntsitu egiten dituzte. Gaztetxoak 18 urte betetzean gurasoengandik banatu eta bertze kanpamendu batera eramaten dituzte... Horren guztiaren ondorioz, gazteak beraien buruaz bertze egiten ari dira. Berriki hiru senidek egin dute; 24, 18 eta 17 urtekoak, hiru kanpamendutan banatu zituztelako.

Zein da Gobernuak egoera horren aitzinean duen jarrera?
Ez du deus egiten. Joan den urtetik aurtengora ikusi dudan aldaketa bakarra zementu pixka bat jarri dutela izan da, kanpamenduak ez desegiteko. Baina bertze gauza batzuk ere egitekoak zituzten. Argi kableak aldatu eta lur azpian paratu behar zituztela errana zuten... Ez dute deus egin. Ailegatzen diren txalekoak uzteko kamioi bat paratu zuten, Atenasera eramateko, baina deus gehiago. Bi abokatu dituzte 7.000 lagunen paperak egiteko... Joan den urtean bortz edo sei zituzten... Elikadurari dagokionez, neurri zorrotzak hartu zituzten eta horrek ere egoera kaltetu zuen. Erraterako, Zaporeak elkarteak janaria bidaltzeko saiakerak egin zituen eta Gobernutik paperak eskatu zizkion... Horiek izan gabe ez zieten aitzinera egiten utzi... Zorionez, eta bederatzi hilabetez gogor borrokatu ondotik, paperak lortu zituzten. Otsailaren 12an hasi ziren banaketarekin eta 1.300 lagunendako jana banatu zuten... Gu han ginelarik oraindik ez zuten lortua. Arras gogorra  zen janaria lortzeko borrokatzen zutela ikustea...

Eta duten osasun zerbitzua?
Ikaragarria da... Kontsulta ttiki bat baino ez dute, hiru mediku dituzte hor. Hagitz muturreko kasuak bakarrik artatzen dituzte. Egia da badirela Gobernuz Kanpoko Erakunde batzuk horretan dihardutenak baina kanpadendetan daude eta ez dute behar adina baliabide. Hortaz, horiek gaixoak ospitalera bideratzen dituzte baina, noski, han lehendabizi greziarrak artatzen dituzte eta ondotik errefuxiatuak. Bertze neska katalan bat ere han dabil eta horrek oftamologo aunitz eramaten ditu. Izan ere, bonbek lehertzean botatzen duten zikinkeriaren ondorioz, haur aunitzek kataratak eta ikuseremu murritza izaten dituzte. Berari esker Bartzelonako ospitaletik betaurrekoak eta audifonoak ere bidali zizkieten. Emakume horrek berak ere emakumezko ginekologoak eraman ditu, bortz-sei hilabetetarako. Oro har, mediku, psikologo eta abokatu eskasia dago.

Bi egonaldiotan hamaika momentu biziko zenituen... Zein izan dira gogorrenak?
Aurtengoetan batean arroparik gabe gelditu ginen egunekoa aipatuko nuke. Gau hartan kazkabarra eta euria egin zuen eta jendea arropak eskatzera etorri eta ez genuela ikustean frustrazio ikaragarria sentitu nuen... Samsa izeneko zazpi urteko neskatiko siriarra ezagutzeak ere hunkitu egin ninduen. Bonba bat bere etxe ondoan lehertzearen ondorioz, sorra da bera. Ez du ez solastatzen ezta aditzen ere. Gaixoa ezin da komunikatu eta beti neskak negarrez marrazten ditu... Joan den urtean, berriz, hirugarren eguna izan zen zailena, bi arabiarri el pasillo de la vergüenza egin zieten momentua. Kanpin-denda batean bertze familiaren bati ebasteagatik jipoitu egin zituzten. Ilaratan jarri eta harrika, joka... aritu ziren eta ondotik nagusiak zigorraz jo zituen, gogor jo gainera. Poliziari deitzeko aipatu genien, baina hori normala zela erantzun ziguten. Odolez beteta akitu zuten...

Hangoekin harremanetan segitzen duzu?
Bai. Adibidez, aurten joan den urtean ezagututako pakistandar bat ikusi dut eta harekin egon naiz. Bertze familia baten bila joan nintzen, nire hango familia zena, baina haiekin egotea ez nuen lortu. Gerora, Atenasera bidaliak zituztela enteratu nintzen, are gehiago, gizonezkoa alde batetik eta emakumezkoa eta seme-alabak bertzetik jarriak zituzten... Gizonezkoa bere buruaz bertze egiten saiatu zen baina mediku batek harrapatu egin zuen... Bere telefono zenbakia lortu nuen. Orain, noizbehinka ahal duten guztiekin telefonoz, Whatsappez edo Skipe bidez egoten saiatzen naiz.

Nolako esperientzia izan da?
Sekulakoa. Han egun bakoitza bi egun bezala da, gauza aunitz gertatzen dira momentu gu- ttian eta hainbertze gauza ikasten dira: zenbat kexatzen garen, zeinen gutti estimatzen dugun... Haiek irribarre bat edo besarkada bat aski dute kontent egoteko. Halako bidaiekin bihotza irekitzen da... Denok joan beharko genuke ikustera, zeinen ongi bizi garen estimatzeko, denok lagundu beharko genuke, bakoitzak ahal duen heinean: ez han bakarrik, hemen ere laguntza behar da eta guztiok pixka bat emanen bagenu... Ni itzuliko naiz, nire oporrak horiek izanen dira. Han egun bakoitza bidaia bat da. Hasiera zaila da. Egia da joan den urtean Ainara eta biok, itzuli ginenean, kontatzeko zailtasunak izan genituela. Argazki-erakusketa bat egiteko ideia esku artean izan genuen baina ez genuen garatzerik izan. Aurten bi urtetakoa egiteko asmoa dugu, Ainara, kusina eta hirurok garela eta bi tokitan egon garela aprobetxatuz...   

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun