Larungo proiektuaz bilkura irekia martxoaren 5ean Urruñan

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 2a, 11:00

Larrun Ez Hunki kolektiboko Jean eta Joseph Olasso saratarrak eta Philippe Lacarra azkaindarra.

Parte-hartze prozesua hasiko dute proiektuak ukituko lituzkeen lau herrietako udalen eta elkarteen partehartzearekin

«Proiektua aterako da, baina espero dugu hastapenean aurreikusitako hura ez dela eginen». Halaxe mintzatu dira Larrun Ez Hunki kolektiboko Jean eta Joseph Olasso saratarrak eta Philippe Lacarra azkaindarra. Eta badirudi hala izanen dela. 20 hilabete pasatu dira Pirinio Atlantikoetako Departamentuak La Rhune 2020 egitasmoa aurkeztu zuenetik eta joan den astean, hasieran aurreikusitako hura ez dela bere horretan eginen jakin zen, «egokia» ez dela ikusi dutelako. 

Hiru ardatzeko proiektua

Hiru ardatz zituen Sara, Bera, Urruña eta Azkaineko lurrak ukituko lituzkeen 2017ko egitasmo hark: San Inazio lepoan 110 aparkaleku gehiago egitea, trenbidea berritu eta oraingo lau trenez gain, bertze bi gehiago paratzea eta azkenik, Larungo tontorra eraberritzea. Harrabots haundia sortu zuen eta orduan sortu zen Larrun Ez Hunki kolektiboa. Geroztik mobilizazio andana eta jendetsuak egin ditu eta azken boladan «esperoan» egon direla kontatu digute Lacarrak eta Olasso anaiek.

Tarte horretan proiektuaren gidaritza batzordea hainbat alditan bildu da. Estatu frantseseko ordezkariekin batera, lau herrietako auzapezak, Jean Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamentuko presidentea eta hirigintza alorreko ordezkariak bildu dira. Horien artean Josu Iratzoki Berako alkatea. Berak baieztatu dio Ttipi-Ttapari hasierako proiektu hura ez dela aitzinera aterako: «bertze gisa batera eginen da». Gaineratu digunez, «ingurumenaren aldetik gehiago errespetatu beharko litzatekeela aipatu izan dugu gehienok bilera horietan». Bide beretik, «helburu gisa natura errespetatzea» ezarri dutela azpimarratu du.

Pirinio Atlantikoetako Departamentuaren lehiaketa publikoan aukeratua izan zen Andueza gabinetea 2017ko proiektu hartatik abiatuz bertze bat diseinatzekoa zen, Larrun Ez Hunkikoen arabera, «Larun tontorrerako eta San Inazio leporako bertze aukerak» aztertuz. Horretarako «hainbat partaiderekin» bildu ziren gabinetekoak: kolektibokoekin, ehiztariekin, laborariekin, hautetsiekin... Gabinete horrek egindako azterketaren ondotik zalantzan paratu dute hasierako egitasmoa.

 

Zaldaina

Hasierako proiektuan Larunen aurreikusi zuten zaldaina izan da eztabaida piztu duen gaietako bat. Larrun Ez Hunkikoen hitzetan, «ainitz gara horren kontra, baina lehengo EPSAko lehendakaria eta orain diputatua den Vincent Bruk zaldain hori nahi du». EPSA Larungo trena kudeatzen duen enpresa da. «Hastapeneko proiektuaren helburua hobekien argitu duena» bera izan dela uste dute: «Larunen jende gehiago nahi zutela erran zuen. Duela aste batzuk berriz bildu ginen berarekin eta ideia berarekin segitzen du». Berako alkateak, ordea, honela adierazi du: «badirudi zaldaina edo balkoia legez ezin dela egin».

 

Trena eta trenbidea

Bertzalde, Olasso eta Lacarraren arabera, «hasieran nahi zituzten bi trenak ez omen dituzte gehituko. Motrizak edo tren-makinak bakarrik eginen dituzte». Kontseilu Orokorreko lehendakariak erran omen die hori, «baina erranak bakarrik» dira. «Tren gehiago paratuta gurutzatzeko lekua haunditu beharko litzateke, lubaki haundi bat eginez, eta Natura 2000ko gune batean hori ez daitekeela egin erran omen du estatuak». Europako Babestutako Tokiak biltzen dituen Natura 2000 Sarearen barne dago Larungo Iparraldeko aldea.

 

Beharrezko neurriak

«Segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko neurriak» hartzea ezinbertzekoa da kolektibokoen irudiko, eta «komun publikoak» egitea ere bai. Mugikortasun arazoak dituztenen «aitzakian» zaildainaren beharra «justifikatu» nahi izatea ere kritikatu dute: «zaldainak malda haundiegia izanen luke elbarrientzat. Aitzakia bat da. Normalki, arazoak sortzen direnean soluzioak bilatu behar izaten dira. Kasu honetan, ordea, soluzioekin hasi eta horiek justifikatzeko funtsezkoak ez diren arazoak antzeman dituzte».

 

Parte-hartze prozesua

Martxoaren 5ean alde guztiek argibide gehiago izanen dituzte. Egun horretan bilkura eginen dute Urruñan eta Iratzokik azaldu digunez, bilkura irekia izanen da, eta «udalekin eta elkarteekin parte-hartze prozesua hasiko da».

Larrun Ez Hunkitik, berriz, «esperoan» baina «erne» daudela adierazi dute. Egin beharrekoa egiteko «oraingoa baliatzea» eskatzen dute, «ingurumenean ahalik eta eragin ttikiena egin dezan».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun