«Berriz ere etxez etxe hasteko prest izanen nintzateke»

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 1a, 08:45

Ainhoa Miura, lagunekin mozorrotua.

AINHOA MIURA • Urdazubiar emakumea

Egunerokoa «lanean eta etxekoekin» pasatzen duen urdazubiar emakumea da Ainhoa Miura. Inauteriak «egune­rokoarekin hausteko» aukera dira be­rarendako: «lantokian besta hartu eta ahal bezainbertze bizitzen saiatzen naiz». 

Gaur egun, seme-alabak dituenez, egun horietan «lasaiago» ibiltzen da. Hala ere, egunez egun eta momen­tuz momentu gozatzen saiatzen da: «igandean haurrekin ateratzen naiz, beraiek mozorrotzeko eguna izaten da. Astelehenean plazara atera eta dantzan ibiltzen gara eta gauean afa­ria egiten dugu. Asteartean, berriz, gazteak etxera etortzen zaizkigu…».

 

Oroitzapen «aski onak»

Etxeko ateak zabaldu eta eskuzabal­tasunez hartzen du gazteen bisita. Areago, berarendako «etxez etxeko eskearen bueltan sortzen den giroa» da politena. Egun bertze aldetik bizi baditu ere, ongi daki zer den mahaia­ren bueltan biltzea. Oroitzapen «aski onak» iltzatuak ditu: «sei urte geni­tuela hasi ginen, gurasoen arrimuan. Hiru taldetan banatu ohi ginen, adi­naren arabera… Haundienen taldean, erraterako 65 lagun inguru. Dantzan eta kantuan aritzen ginen…».

Herriko ohiturari jarraiki, ezkon­du zelarik utzi zion ibiltzeari. Orain, ordea, bizirik den tradizio oro bezala, hori ere aldatzen ari denez, ezin erran berriz ibiliko ez denik: «berriz ere has­teko prest izanen nintzateke» dio irriz.

Tradizioak aldatu direla jabetzen da urdazubiarra eta aldaketak bere eginen lituzke batzuetan, baina ez du inondik inora antzinako kontuak ahanzterik nahi. Horregatik, «mozo­rrotzeko etxeko arropak» janzten ditu eta «garaiko bizimodua islatzen duten momentuak irudikatzea» du gustuko: «baserria, eliza… garaiko bizimoduak eta tradizioak galtzen ari dira…».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun