«Aurten lanak aitzineratu ditugu hartza eta momotxorroak egiteko»

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 23a, 12:00
Leire Fagoaga.

LEIRE FAGOAGA Sarako gaztea

«Naturak eskaintzen dituen leku zorragarriez gozatzea» gustuko duen 21 urteko saratar gaztea da Leire Fagoaga.

Zaletasunak eta lanbideak bateratzeko izan duen zorteari esker, gaur egun «etxeko zalditegian eta kanpoko bertze baserri batean» lan egiten du. Ez da gaurkoa aziendarekin duen harremana, etxean ikusteaz gain, «ttikitan» hasi baitzen zaldi gainean ibiltzen. Zaldiak bezain maiteak ditu lagunak eta horiekin «momentu goxoak pasatzea» ere «garrantzitsu» zaio. Hortaz, «lana, zaldi bueltak eta lagunarteko bestak tartekatuz» ibiltzen da saratarra. Batzuetan aukeraketa zaila bada ere, inauterietan zalantzarik ez du izaten Fagoagak: «momentu bikaina da, erosotasuna kanpora ateratzeko parada, negutik atera eta udaberrian sartzekoa...». Aitzitik, egun horiek ospatu ahal izateko, lan ere egin behar izaten du: «gaztetxeko kideon artean etxez etxekoa antolatzen dugu: itzulia bera, mozorroa, kantak, musikariak, traktoreak eta karroak, erosketak...». Antolatzaileek solastatutakoa herritarrekin partekatzen dute gero: «bilkura publikoak egiten ditugu eta gazteak hurbilarazteko, berotzeko, kantak ikusteko... baliatzen ditugu». Inauteriak «aski ongi» antolatzen ditu. Sarako auzoetan barna ibiltzen da, gaztetxeko eta plazako ekimenak ikusten ditu, desfilean parte-hartzen du... Eta hori guztia «eromenez» bizi du. Usaian azken mementoan hasten dira mozorroa prestatzen: «azken urteetan zirtzilez mozorrotu izan naiz, ongi errepresentatzen nauela atzeman baitut». Baina aurten aitzin hartu dute eta lanean ari dira, «herriko hartza eta momotxorroak prestatzen». Gaua eta eguna «banaezinak» dira berarentzat ez, ordea, biharamuna. Dena dela, txarrenari onena ateratzeko gaitasuna badutenez, «pasatako asteburu ona» gogotuz arintzen dute zama. Horrekin eta «haizea hartuz, Ibainetako lepo ederrean barna mendi-buelta bat emanez edo berriz besta hasiz» segidan martxan izaten da. Kontent bizitzeak dakarren indarraren adibide polita da saratarra: «hori bizi naizen inguruneari eta ingurune hori osatzen duten pertsonei zor diet» gaineratu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun